Espainiako soldadu bat jo dute Madrilen hildako antifaxistaren hiltzailetzat

Immigrazioaren aurka diharduen talde neonazi batekin lotu dute hilketa ikertzen ari direnek

Berria, erredakzioa, 13-11-2007

Josue E. de la H. Espainiako armadako soldadu profesionala atxilotu egin dute, igandean Madrilen labankada baten ondorioz hil zuten 16 urteko gazte antifaxista berak hil zuelako ustez. Atzo galdeketa egin zioten, eta, ustez, gaur epailearen aurrera eramango dute. Armadako iturriek azaldu dute soldadu ibilbidea iaz abiatu zuela, eta harenganako kexarik ez dutela inoiz izan.

Igandean, antza, Demokrazia Nazionala talde neonaziak antolatutako elkarretaratze batean parte hartzera zihoan, etorkinen kontra egitera. Espainiaren aurkako arrazismoaren aurka, immigrazioaren aurka zen soldadua parte hatzera zihoan elkarretaratzearen goiburua. Bidean, bihotza harrapatu zion labankada batekin hil zuen nerabe antifaxista, eta beste hiru lagun zauritu egin zituen. Horietako bat larri eraman behar izan zuten erietxera, baina, antza, hobera egiten ari da.

Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak hilketa honen egileak behar duen zigorra jasoko duela argi utzi nahi izan du. «Era honetako ekintzekin inolako tolerantziarik ez da egongo. Izan konfiantza, Gobernuak, Espainiako Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak lan egingo dute honelakorik gehiago ez gertatzeko».

Atzo manifestazioa egin zuten Madrilen, hilketa gaitzesteko. Espainiako Poliziak segurtasun indarrak areagotu zituen, liskarren beldur. Igandean, nerabearen hilketaren berri izan zutenean, kalera jo zuten hainbat lagunek, eta borrokak izan ziren.

NEONAZIEN UKOA. Juan Jose Perez Demokrazia Nazionala taldeko kanpo harremanetarako arduradunak esan du bere alderdiak ez duela «inolako loturarik» hilketa honekin. Aditzera eman duenez, ustezko hiltzailea ez da beraien taldeko militantea. «Izan ere, militarrak ezin dira politikoki atxikita egon», gogorarazi du. Halaber, zalantzan jarri du atxilotua erasoa egin zuen unean beraiek antolatutako elkarretaratzean parte hartzera zihoanik. Gertatukoaren inguruan inolako erantzukizunik ez dutela nabarmendu du: «Guk guztiz gaitzesten ditugu indarkeria eta adingabeko honen heriotza».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)