Legez kanpoko immigrazio sare bat ikertzen ari dira

Berria, erredakzioa, 13-11-2007

Iruñea

Duela gutxi desegin dute Aljeriako Dellys probintziatik Iberiako penintsulara etorkinak eramaten zituen legez kanpoko sare bat, eta Zaragozan (Aragoi, Espainia) eta Nafarroan bizi ziren hamar arjeliar eta enpresaburu «espainiar» bat atxilotu zituzten. Orain, Guardia Zibila ikertzen ari da ea Zaragozako eta Nafarroako zenbait enpresaburuk sare hori diruz lagundu ote zuten.

Duela urtebete, Kaskai izeneko operazioa abiatu zuen Guardia Zibilak. Operazio horren barnean atxilotu zituzten hamaika horiek. Itsasontziak beraiek erosten zituzten, eta bidaiak antolatu, eta etorkinak Iberiako penintsulara ailegatzen zirelarik – Balear uharteetatik pasatuz (Herrialde Katalanak) – , laguntza burokratikoa ematen zieten, eta Zaragozako eta Nafarroako enpresetan lan egitera eramaten zituzten, beti ere Guardia Zibilaren arabera.

Sare hori zein enpresaburuk finantzatzen zuen ikertzen ari dira. GPS aparatuz hornituriko itsasontzietan ailegatzen ziren etorkinak Mallorca edo Menorca uharteetara. Ailegatzerakoan, arropaz aldatzen ziren eta «txukuntzen» ziren, «itxura ona» izate aldera. Espainiako Gobernuaren ordezkari Ramon Sociasek atzo Palman emandako prentsaurrekoan erran zuenez, etorkinak kostaldera iristen zirenean, taxia hartzen zuten, hiriburura joateko. «Horrek erakusten du dirua eramaten zutela».

2006ko irailetik, Aljeriako Dellys probintziatik ateratako zazpi itsasontzi atzeman ditu Guardia Zibilak. Horietan, ehun etorkin inguru zihoazen, eta haien herrietara itzuli dituzte guztiak. «Dellysko kostaldetik Balear uharteetara, bakarrik, 275 kilometro daudelako, eta Mediterraneo itsasoak nabigatzeko baldintza onak eskaini ohi dituelako, aukeratu zuten bide hori trafikatzaileek».

«ZIGOR TXIKIA». Bertze aldetik, Ramon Sociasek kritikatu zuen patroi espainiar bati ezarri dioten zigorra. Aljeriatik Iberiako penintsulara etorkinak eramaten zituen patroi horrek bere itsasontzian, eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote. «Pentsatzen dugu zigor handiagoa ezarri behar ziotela, pertsonekin trafikatzea izan baita bere delitua, eta pertsonekin trafikatzen duten pertsonek denbora gehiago pasatu behar dute kartzelan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)