AEBetako zentinela ahalguztidunak

Edozein mugimendu suma dezaketen dorreak jarri dituzte AEBek Mexikoko mugan; probarako dira, baina aurki desertuan gertatzen den guzia ikusiko du mugako Poliziak.

Berria, , 11-11-2007

eire ventas

Mexiko Hiria

Ikusi ditut nik dorre horiek», dio Eliazar izeneko koioteak. Etorkinak legez kanpo AEB Ameriketako Estatu Batuetara eramatetik bizi da 45 urteko gizon hori. Arizonako desertua gurutzatzen ari ez denean, Sonora estatuko Altar herrixkan igarotzen ditu egunak. Migrazioen geografian giltzarri den lekuan. Milaka mexikar eta erdialdeko amerikar igarotzen dira hilean bertatik, AEBetara bidean. «Ez nuen, ordea, uste halako trasteak horretarako zirenik!», dio, harrituta, baina, batez ere, bere lanbiderako oztopo izango diren susmoarekin; «Muturrean kamera bat dutela diozu?». Ba, bai, eta kamera horrek 45 kilometrora gertatzen den edozein mugimendu suma dezake, baita hau animaliaren batek edo gizakiak egina den bereizi ere.

Bi herrialdeen arteko 3.100 kilometroko muga zaintzeko eta etorkinen planak zapuzteko estatubatuarren azken ekintza da dorreena, eta 28 proiektua gisa bataiatu dute. Oraingoz froga fasean badago ere, jada bederatzi ezarri dituzte. Guztiak Eliazarren jardunen eremuan, AEBetako Arizona eta Mexikoko Sonora estatuen arteko mugan.

Metalezko egitura hauetako bakoitzak koiotearen harridura eragin duen kamera infragorriaz gain, basamortuan lurperatutako hainbat sentsorerekin lotutako radar bat ere badu. Azken horiek, ordea, marihuana garraiatzen duten kamioiak detektatzeko balio dute. Kamerek etorkina sumatzean seinale bat igortzen dute gune batera. Handik, berriz, gertuen dagoen patruilari igortzen zaio abisua, ahalik eta azkarren atxilot eta erbestera dezaten baimenik gabe eremu estatubatuarrean barneratu den hura.

Dorreen neurria eta kostua-milioi bana dolar-ez bada ere «diskretua», ez da harritzekoa Eliázarrek horiei buruz ezer ez jakitea. Orain arte AEBetako gobernuak muga babesteko hartu dituen neurriek etengabeko protagonismoa izan dute, baina plan berri honen inguruan Mexikoko hedabideetan ez da ezertxo ere aipatu.

Kuriosoa da, behinik behin, ez aipatzea. Izan ere, 28 proiektua Barne Segurtasunerako Departamentuak mugako patruilaren lanak errazteko erosi duen jostailu berria baino ez da. Azken finean, George Bush AEBetako presidenteak 2006ko urrian sinatu zuen legearen zuzeneko emaitza. Haren bidez, 1.400 milioi dolarrekin osatu zen etorkinak harrapatzera zuzendutako aurrekontua. Eta diru horrekin ordainduko dira jada eraikitzen hasi diren harresiaren hurrengo 480 kilometroak, eta baita dorre begi ahalguztidunen proiektua ere. Metalezko begirale horietako bakoitzeko, Boeing enpresak-hegazkinak egiten dituen konpainia nagusia-milioi bat dolar kobratuko dio AEBtako gobernuari. Ordainetan, 147 milioiko inbertsioarekin, muga osoan jarriko ditu hark bere begi birtualak.

HELBURUA. «Estatubatuarrok terrorismoaren atzaparretatik babestuko gaituzte neurri hauek», esan zuen joan den uztailean Bushek, aurrekontuaren azken ordainketa baimendu zuenean. Migrazio Poliziaren bozeramaileak, ordea, argiagoak dira 28 proiektuaren helburua deskribatzerako orduan. Ez dute, Bushek ez bezala, boto emaile latinoak galtzeko beldurrik. «Legez kanpoko immigrazioa gutxitzeko da», dio, hitzez hitz, dorreen nondik norakoa azaltzeko korporazioak igorri zuen prentsa komunikatuak.

Ez du lan makala: egunero hiru bat mila dokumenturik gabeko iristen da AEBetara. Barne Segurtasunerako Departamentuaren kalkuluak dira.

Dena den, froga fasean dago teknologia berria. Eta AEBtako kazetarien aurrean joan den uztailean eginiko lehen saio arrakastatsuaren ostean (etorkin talde bat antzeman eta atxilotu zuten El Sasabe izeneko korridorean, Arizonako desertuan), akats batzuk ere izan dira. Gizakiak ez ezik, koioteak— azeriaren familiako animaliak, ez giza trafikatzaileak—eta basamortuko landareak ere detektatu dituzte dorreek.

«Sistema teknologikoaren integrazioan zenbait zailtasun izan dugu, dorreek informazioa igorri behar duten unean batez ere», adierazi du mugako patruilaren bozeramaile Danila Sanchezek. Eta gehitu du: «Berehala konponduko ditugu arazoak, eta dorre gehiago jarriko dira, horretarako dirua baitago». Egia biribila. Michael Chertoff Barne Segurtasunerako idazkariak joan den asteartean adierazi zuen proiektua aurrera doala.

AURREZ NEUR DAITEKEENA. «Teknologia berri honek emigrazio fluxua aldatu egingo du, eta giza eskubideen urratzea biderkatu», dio Nazio Batuen Erakundean etorkinen giza eskubideen alde ari den bozeramale Jorge Bustamantek. New Yorken bizi den ekintzaile hori izan da 28 proiektuaz gogoeta egin duen bakarrenetakoa. «Orain arteko erabakietatik ondorio larrienak izango dituena da hau», azaldu du. Alde bakarreko burubidea da hau ere, AEBetako Gobernuak migrazioari begira orain arte harturiko guztiak bezala. Mexikori, bere auzokoari, kontsultatu gabe hartutakoa, alegia.

Baina ezin esan Bushek eta bere taldeak horretarako eskubiderik ez dutenik. «Herrialde adiskidearen aditzea erabat hausten bada ere, AEBetako gobernuaren burujabetzaren emaitza dira neurri hauek guztiak», argitzen du Bustamantek: «Sartzeko baimenik ez duten atzerritarren aurrean euren muga babestu baino ez dute egiten».

Dena den, ondorioak Mexikok jasan beharko ditu. Batetik, hildako gehiago. Izan ere, iparraldera joateko etorkinei geratuko zaien aukera bakarra zaindu gabeko tarteak dira, biderik luzeenak -egunak eta egunak basamortuan, 50 gradutara iristen den tenperaturapean- eta zailenak beraz.

Aurtengoa izan da orain arteko errekor beltzena: 177 hildako izan dira Arizonako desertuan urteko lehen zortzi hilabeteetan, New York Timeseko erreportaje baten arabera. Iaz baino baino 20 gehiago. Eta Mexikoko Legebiltzarreko txosten batean biltzen denez, 1999 eta 2007ko maiatza bitartean 3.000 hil ziren eremu horretan bertan, AEBetara iritsi nahian. Hildako bat eguneko. Bestetik, Altar gisako mugako herrixketan bestaldera igarotzea lortu ez duten etorkinak pilatu egingo dira. Udal horien baliabide murritzak kontuan izanda, kaosa da hori. Eta azkenik, AEBetan finkatutako etorkinek Mexikon duten familiari bidalitako dirua gutxitu egingo da. Erremesa izeneko diru sarrera horiek Mexikoko Barne Produktuaren %2.75a osatzen dute; atzerriko inbertsioak adina.Hori ikusita, Bustamantek bi gomendio egin dizkio Mexikoko gobernuari: iparraldeko mugarako larrialdi plan bat martxan jartzea, eta AEBetako agintariekin negoziatzeko estrategia diplomatiko bat lantzea.

Eta, tartean, bai Mexikoko agintariak bai hedabideak bestaldera begira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)