«Etorkin arriskutsuak» kanporatzen hasi da Italiako Polizia, Gobernuaren aginduz

Kanporatze zerrendetan etorkin errumaniarrak soilik daude; Bukarestek legezko laguntza eskainiko die

Berria, , 06-11-2007

arantxa elizegi

Hasi da Erroma «etorkin arriskutsuak» kanporatzen, eta errumaniarrak dira segurtasun indarren zerrenda beltzetan agertzen diren gehienak. Errumania Europako Batasunean sartu zenetik, hilero mila errumaniar inguru iristen dira Italiara paperik gabe. Gobernuaren arabera, immigrazioaren gorakadak zerikusia du delinkuentzia handitzearekin. Horrek eta azken hilabeteetan errumaniarrei egotzitako lapurreta eta erasoek xenofobia indartu dute. 47 urteko emakume italiar baten hilketa izan da, ordea, erreakzio andana eragin duena. Giovanna Reggiani, Italiako militarburu baten emaztea, joan den astean bortxatu eta hil zuten etorkin errumaniarren kanpaleku batean. 24 urteko etorkin bat atxilotu du Poliziak. Hilketari lotuta, ordea, «arriskutsuak» izan daitezkeen Europako Batasuneko etorkinak kanporatzeko legea onartu du Gobernuak. Polizia atzo hasi zen kanporaketekin. Lerro hauek idazteko unean 39 errumaniar bidali zituzten Italiatik.

Erasoak, baina, bestelako erreakzioak ere eragin ditu. Asteburuan hiru errumaniar jipoitu zituen eskuin muturreko talde batek. Haietako bati labanaz eraso zioten. Horrek guztiak Errumaniako Gobernuaren kritikak eragin ditu. Traian Basescu presidenteak eskatu dio Gobernuari Italiak onartutako legearen aurka egiteko Europako Batasunean. Izan ere, Bruselako legediaren arabera, herrialdean hiru hilabete baino gutxiago daramaten eta bizibiderik ez duten edo krimenen bat egin duten etorkinak soilik kanpora daitezke.

Errumaniako lehen ministro Calin Popescu, bestalde, Italiako agintariekin biltzekoa da bihar auziaz eztabaidatzeko. «Ezin liteke gutxiengoen talde bat epaitu pertsona bakar bati egozten zaizkion krimenengatik», nabarmendu du Popescuk. Horiek hala, iragarri du legezko laguntza eskainiko dietela kanporatze zerrendetan daudenei, gehiegikeriak saihesteko.

Italian, orain arte, «etorkin arriskutsuak» kanporatzeko baimena bazuen Poliziak, baina soilik Batasunetik kanpokoak zirenean. Orain EBko kide diren herritarrei ere eragingo die neurriak. Giza eskubideen aldeko taldeen kezka eragin duena, ordea, ez da soilik hori izan, baita kanporatutakoek beren buruak defendatzeko aukerarik ez izatea ere.

IMMIGRAZIOAREN BELDUR. Italiako Barne ministro Giuliano Amatoren iritziz, EBren araudia ez da nahikoa. «EBko herrialde batetik besterako oldeak aukera eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Exodo horien aurrean ez herrialdeek ezta Europako Batasunak ere ez dute tresna egokirik. Inork ezin zuen espero urtebetean 500.000 pobre errumaniar Italiara etorriko zirenik». Horiek hala, Bruselaren legedia gutxiegitzat jo du Barne ministroak, argudiatuz, besteak beste, ez duela debekatzen kanporatutako pertsona horiek herrialdera itzultzea, eta ezinezkoa delako jakitea noiz sartzen diren etorkinak herrialdean.

Eskuineko alderdi eta buruzagientzat, aldiz, Romano Prodi lehen ministroak bultzatutako neurriak ez dira nahikoak. «Soilik Erroman 20.000 kanporatze egin beharko lirateke oraintxe», nabarmendu du eskuin muturreko buruzagi eta Silvio Berlusconiren gertuko Gianfranco Finik. Berlusconik, lehen ministro ohiak, neurri gogorragoak ere proposatu ditu. Besteak beste, errumaniarrei mugak ixtea. «Gobernuan egongo banintz, egingo nukeen».

KANPALEKUAK SUNTSITUTA. Reggiani Erroma kanpoaldean dagoen Tor di Quinto kanpalekuan aurkitu zuten. Polizia iritsi zenean, emakumea oso larri, baina bizirik zegoen. Kanpalekuko beste emakume errumaniar batek esan zion Poliziari nor izan zen Reggiani jipoitu eta bortxatu zuena.

Orain, ordea, denek bilatu beharko dute beste bizileku bat, Poliziak suntsitu egin duelako Tor di Quinto. Beste kanpalekuaren batera joan beharko dutela dio Poliziak. Baina handik ere ihes egin beharko dute lehenago edo beranduago, segurtasun indarrek legez kanpo eraikitako kanpaleku guztiak suntsitzeko agindua duelako. «Txabola kanpaleku guztiak lehenbailehen botatzen ez baditugu, gaur egiten ari garenak ez du ezertarako balioko», dio polizia batek.

«Ezin liteke gutxiengoen talde bat epaitu pertsona bakarrari egozten zaizkion krimenengatik»

calin popescu

errumaniako lehen ministroa

«Soilik Erroman 20.000 kanporatze egin beharko lirateke oraintxe»

Gianfranco fini

eskuin muturreko buruzagia

ETorKInaK

324

Infernutik ihesi. Ehunka lagun iristen dira egunero Europara bizimodu hobearen bila. Horietako askok Italian hartzen dute lur. Atzo 324 iritsi ziren Siziliara eta Calabriara 24 orduan, Irakeko infernutik ihes egindakoak ziren gehienak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)