Zilegitasuna

Berria, Castillo Suarez, 06-11-2007

Badirudi egunotan arrazakeriaren kontrako adierazpenak ugaritu egin direla, eskandalagarriak iruditzen zaizkigula, inoiz baino gehiago, etorkinei egiten zaizkien ankerkeriak. Nolanahi ere, hipokrisiaz beteriko hitzak dira maiz. Izan ere, ahotsa goratzen duten horietatik asko immigrazioaren ikuspegi negatiboa eta mehatxuzkoa dute aldi berean. Haiendako normala da arazoak egotea, zenbat eta etorkin gehiago, orduan eta arazo gehiago premisan sinesten dutelako – eta horrek zilegitasun handiagoa ematen die, gainera, politika murriztaileak ezartzeko – .

Arrazakeria ekintzak egoteak ez lukeela normala izan behar pentsatu, eta immigrazio politika aztertu eta aldatu ordez, arrazakeria ekintza horiek zilegitasuna ematen diete politika are murriztaileagoak ezartzeko.

Finean, immigrazioa arazo gisa ikusten dute, batik bat ordena publikoari eragiten dion arazoa, eta, beraz, arazo horri aurre egiteko irtenbidea da askatasuna murriztea. Finean, askatasuna murriztea da segurtasuna handitzeko modua. Noski, arazoaren sorburua ez da inoiz kokatzen «harrera» gizarteetan, etorkinen jatorrizko herrialdeetan baizik. Etorkinak «gehiegizko» kopuruan etortzen direlako gertatzen dira delituak, eta ez etorkina – pobrezia berdinketa dagoelako usu. Etorkinak modu masiboan etortzen direlako azaleratzen da arrazakeria, haien ustez, baina adierazpen horiek ugaritzen laguntzen ari dira diskurtso politikoki zuzenez haratago duten egitate politikarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)