Europako Batasunak txartel bat proposatu du etorkinentzat

Txartel urdinak Europako Batasunera langile profesionalak erakarri nahi ditu, legez lan egin dezaten

Berria, , 24-10-2007

naiara arteaga

Franco Frattinni, Europako Batzordeko Justizia eta Segurtasun komisarioak, txartel urdina sortzeko proposamena egin du. Txartel urdinarekin langile gaituek Europako Batasunean legez lan egiteko aukera izango lukete. Proposamen hori Europako Batzordean egin zen atzo eta jatorria Europak duen langile gaituen beharrean dago. Egun langile profesionalen kopurua AEBetan baino murritzagoa da. Han, batik bat, Kuba, Mexiko, Venezuela eta Kolonbiatik hurbildutako langile gaituak daude eta Europan, aldiz, gehienak India eta Asiatik bertaratutako mediku, teknikari eta zientzialariak dira.

Txartel urdina aurrera eramanez gero, ez litzateke Europako Batasuneko lurralde guztietan ezarriko. Erresuma Batuak, Irlandak eta Danimarkak aukera izango lukete proposamen horretan parte ez hartzeko. Hala ere, Europako gainontzeko estatu guztiek beraien herrialdeetan ezarri beharko lukete. Horregatik, proposamena aurrera atera dadin, ezinbestean Europako Batasuneko estatu kide guztiek onetsi beharko lukete. Alemania eta Austria dira txartel urdinaren aurka egon daitezkeen bi estatu.

Proposamenaren helburu nagusia, langile gaituen sarrera legezkoa bultzatzea da. Langile horiek Europak egun duen profesionalen beharra aseko lukete. Era berean, ekimen honen bitartez sarrera legez kanpokoekin amaitu nahi dute. EB baino herrialde pobreagoetako pertsonek aukera izango lukete bertan eskubidedun herritar bezala lan egin eta bizitzeko. Txartel urdinarekin, eskatzaileak, Europako Batasuneko 27 estatuetako batean bi urtez lan egiteko baimena lortuko luke. Langile gaituak bere familiarekin beste bi urtez Europako Batasuneko edozein estatutan egoteko eskubidea izango luke. Bost urtez lanean egonez gero, hiritartasuna lortzeko aukera izango luke eta ordutik aurrera nahi lukeen lekura joan ahal izango litzateke.

TXARTEL BERDEAN OINARRITUA. Europako Batasunak proposatutako txartel urdina, AEBetan erabiltzen duten txartel berdearen antzekoa da. Biak dira langile profesionalek lege barruan lan egin eta bizitzeko baimenak. Gainera, etorkinak, bi kasuetan, bertako herritar batek egin ezin duen lan eskaintza duela frogatu behar du.

Antzekotasunez gain, ezberdintasunak ere badituzte. Txartel urdina bi urterako baimena izango litzateke eta txartel berdea, berriz, 10 urterakoa da. Txartel urdina lortzeko langileak Europan baliagarria den diploma eta hiru urteko esperientzia profesionala eduki beharko ditu. Txartel berdea lortzeko, ordea, enpresa batek eskatu behar du langilearentzat txartela. Europako Batasuneko kasuan ez bezala, beste era batzuk ere badaude AEBetan txartel berdea lortzeko: txartela duen norbaitekin ezkontzea, seme edo alaba bat AEBetan izatea, gobernuak egiten dituen txartel zozketatan parte hartzea, asilo eskubidea eskatzea edo herritar den familiar batek txartela eskatzea.

datua

%55

AEBetara jotzen dute langile etorkin gaituak. Etorkin profesional gaituen %55ek AEBetara joatea ebazten dute. EB Europako Batasunera, %5ek jotzen dute. Txartel urdinarekin profesionalen kopurua handitu nahi du Bruselak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)