Suitzan jarrera antieuropar eta populista gailendu da bozetan

SVP-UDC taldeak Suitzako historian inoiz alderdi batek lortutako boto kopuru handiena lortu du

Berria, Naiara arteaga, 23-10-2007

SVPUDC Suitzako Alderdi Popularra izan da igandean gertatutako hauteskundeetan irabazle ateratako alderdia. Igoera handiena izan duen talde politikoa da: botoen %29 lortu ditu, eta Kontseilu Nazionaleko 200 eserlekuetatik 62 eskuratu ditu. Emaitza historikoa izan da, Suitzan 1919tik ez baitu inoiz talde politiko batek hainbeste boto eskuratu. Hala ere, alderdi eskuindarrak ezinbestekoa izango du beste alderdiren batekin koalizioa egitea gobernatzeko. SVP – UDCk alderdiak irabazi izanak atzerritarrei eta Suitzak Europako Batasunarekin dituen harremanei eragingo die, talde horrek jarrera populista izango baitu eta Europaren aurkakoa. Hauxe da Ueli Maurerrek adierazi duena: «SPVUCD alderdiari bozkatzen dion pertsona Europako Batasunarekin harreman handirik nahi ez duena, zerga gutxiago ordaindu nahi dituena, segurtasun handiagoa eta krimen gutxiago nahi duena da».

Bigarren alderdia Alderdi Sozialista izan da. Jaitsiera handiena izan duen talde politikoa da: botoen %19 izan ditu, eta Kontseilu Nazionalean 43 eserleku lortu ditu. Zifra horiek alderdiak azken 20 urteetan eskuratutako eskasenak izan dira.

Hirugarren alderdia Berdeena izan da: botoen %9 eta 20 eserleku bereganatu ditu. SVPUDC alderdiaren ondoren gehien igo den partidu politikoa izan da, eta bere historiako emaitza onenak eskuratu ditu.

Laugarrena Alderdi Erradikala izan da, eta bosgarrena, Kristau – Demokrata. Biek 31 eserleku lortu dituzte. Portzentajeetan, bien artean %1eko aldea egon da: Alderdi Erradikalak botoen %14 eta Kristau – Demokratak %13 eskuratu dituzte.

Emaitza horiek eragina izango dute Suitzako gobernu sisteman, orain arte ez bezala banatuko direlako kontseilari federalen zazpi eserlekuak. Ueli Maurer SVP – UDCko presidenteak ez du ziurra ikusten egun eserleku horietan dauden politikariek etorkizunean beren postua mantenduko duten.

POLEMIKA KANPAINAAURREAN. SPVUDC talde politikoaren kartelek polemika sortu dute kanpaina – aurrean. Kanpainan irudi sinple eta bortitzak erabili dituztela egozten zaie. Polemika handiena sortu duen kartela hiru ardi zuri eta beltz bat agertzen direna da. Bertan ardi zuriek ostikoka botatzen dute ardi beltza Suitza irudikatzen duen larretik. Besteak beste, arrazakeria eta atzerritarrenganako jarrera ezkorra bultzatzen dituela egozten diete.

Baina emaitzek erakusten dutenez, alderdi eskuindarrak erabilitako bitartekoa eta mezua eraginkorrak izan dira, eta beraien helburuko publikora iristea lortu dute.

Adituen esanetan, SPVUCD eta Berdeak alderdien igoeran eragin duen faktorea hauteskundeetan herritarren intereseko proposamen zehatzak egin izana da. Hori da, hain zuzen, beste alderdiek egin ez dutena.

Alderdi Sozialistak, bere aldetik, taldeen artean hauteskunde kanpainan ezberdintasun handiak egon direla salatu du. Bere hitzetan, SPVUDC izan da aurrekontu gehieneko talde politikoa. Hurrengo hauteskunde kanpainarako finantzaketan gardentasun handiagoa egon dadila eskatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)