Frantziako Senatuak onartu du DNA probak egitea etorkinei

Berria, Erredakzioa, 05-10-2007

Baiona

Helburua lortu ahal izateko aldaketa ugari sartu behar izan baditu ere, Frantziako Senatuak onartu du Immigrazio Legeko punturik eztabaidatuena: DNA probak egitea. Eztabaida sutsua izan da Senatuan, eta legea onartu ahal izateko diputatuek ezarritako 5bis artikulua kendu dute. Bertan diputatuek zehaztu zuten nortasun agiri susmagarriak zituzten herrien zerrenda, eta erabaki horrek gori – gorian zeuden eztabaidak sutu zituen. Zerrenda hori lege egitasmotik kentzea deliberatu dute senatariek.

Senatuak onartutako testuaren arabera, etorkinak eskatzen dituelarik egiten dira DNA probak. Alta, puntu horretan senatariek nabarmendu nahi izan dute probak haurrari eta amari eginen zaizkiola, ez eragozteko familia elkartzea. Jacques Hyest batzorde legegileko presidenteak aurkeztu du zuzenketa, azalduz ekidin nahi dutela DNA testaren bidez aitak jakitea ez dela haurraren aita biologikoa. Horrela, familia lotura ama eta haurren bidez frogatuko da, ez aitaren bidez.

EPAILEAREN AGINDUPEKO PROZEDURA. Etorkinari DNA proba egin ahal izateko, kontsulatuak Naonedeko (Nantes) auzitegiaren baimena beharko du. Prozedura guztia epailearen agindupean egingo da. Proba gisa onartu dute neurria 18 hilabeterako. Eta prozeduran bertze aldaketa nabarmen bat onartu dute Frantziako senatariek. Izan ere, elkarretaratzea eskatzen duen familiaren eskariz burutuko da DNA proba, eta Frantziak ordainduko ditu xahutzeak. DNA proba bakoitzak 200 – 600 euro bitartean balio du.

Ezkerrak oro har lege egitasmoaren kontra bozkatu du, eta bertze talde politikoetako dozena bat senatarik ere ezkerraren alde bozkatu dute. PSFko Anick Lepetitek legea bertan behera uzteko eskatu du, «onartezina izateaz gain, gauzatu ahal izateko zailtasun ugari» dituelako. Lege horren bidez eskuinak ikurrak eraiki nahi dituela salatu du, etorkin guztien aurkako susmo giroa eraikiz.

«Lege egitasmoa etorkinen kontrako gerra adierazpena da», adierazi du Eliane Assasi PCFko bozeramaileak. Oinarrizko eskubideak urratzen dituela azpimarratu du, elkarretaratzea eskatzen duten pertsonak arauak eta legeak betez bizi direlako Frantzian. Familian bizitzea eskubide unibertsala dela gogorarazi du, eta salatu lege honek traba gehiago ezarri nahi dizkiela etorkinei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)