«Senidetasuna frogatzeko eskatzeak Frantziako legea urratzen du»

Etorkinen aldeko eragileek protesta egin zuten atzo Frantziako Parlamentuan, eta manifestaziorako deia egin dute, urriaren 20rako

Berria, A.R., 19-09-2007

Baiona

Baionako Giza Eskubideen Elkarteko presidentea da Jean Pierre Voisin. Sarkozyren proposamenek aspalditik giza eskubideak urratzen dituela dio, eta DNA frogen kasua basoan gainezka eginen duen ur tanta dela dio.

Lege egitasmoak 30 neurri ditu eta gaitzespen handiena DNA frogen inguruan eman da. Zergatik erabaki hori?

Giza Eskubideen elkarteak gutun bat igorri dio Sarkozyri, legeak dituen eragozpen ugari aipatuz. Baina etorkinei DNA frogak egin nahi izatea sobera da, aspalditik antolatzen ari den eskubide urraketaren basoan eroritako azken ur tanta da, gainezka eginen duena. Etorkinei ekarri nahi duen haurrideen senidetasuna frogatzea eskatzen diete eta horrek Frantziako legea urratzen du erabat. Haurra ezagutzen duten pertsonak dira gurasoak, ez guraso biologikoak. Ez du biologiak erraten nor den guraso, legeak baizik. Beraz, Frantziako legearen mamia urratuko dute etorkinen kasuarekin, iruzurraren aitzakiaz. Iruzur anitz daude, maila guztietan, baina horiek ekiditeko ezin dira aitortutako eskubideak urratu.

Froga ez dela inposatuko dio Frantziako gobernuak, borondatezkoa izanen dela. Posible ikusten duzu horrela izatea?

Hipokresia hutsa da iragarpen hori. Non sortzen da estatu zibileko agiriei buruzko zalantza? Garatu gabeko herrietan. Eta agiri horiek bermerik ez dutenez, borondate ona frogatzeko eskatzen diete etorkinei, borondate hori DNA frogaren bidez bermatzen delarik. Noski, legeak ez du erranen inposatzen dela. Txostena aitzinatzeko erabiliko dutela diote. Baina iragarpen horrek badu bertze aldea. Borondate onak froga onartzen badu, froga egin nahi ez duen pertsonak iruzurra egin nahi du. Hori pentsatzea da arriskua, eta gobernuak horrekin jolastu nahi du.

Ez dira nahikoak immigrazioa arautzen duten legeak?

Noski. Oraindik ez da indarrean sartu 2006ko uztailean onartu zuten legea. Ez da oraindik argitaratu eta dagoeneko zaharkitua dago gobernuaren iritziz. Immigrazio zerbitzuak gobernuaren politika bete behar dute, eta immigrazioa hauteskundeetarako tresna gisa baliatzen delarik, argi dago zerbitzuek froga horiek funtsezko gisa hartuko dituztela.

Nola froga dezake etorkin batek adoptatu duen haurra berea dela?

Argi dago kasu horretan DNA frogak ezin duela nehoiz frogatu haur hori berea dela, hots, guraso biologikoa dela. Frantzia mailan erraten da ezagutzen diren haurren %5 edo %6 ez direla haur biologikoak. Estatu zibileko agiriek baliorik ez badute, nola froga daiteke haur horren aita edo ama direla? Kasu horretan ez dituzte haurrak onartuko edo Frantzian badaude, egotziko dituzte. Gehiegikeria da, onartezina.

DNA frogaren bidez familiak elkartzea debekatuko dute. Nik hiru haur ditut, bat adoptatua. Argi dago nire semea dela. Legeak aitortzen dit. Baina kasu honetan, etorkina banintz, administrazioak ez lidake legeak agintzen duena onartuko.

Nola berma daiteke froga egiazkoa dela eta nola bermatu ez dela bereizketa ekonomiarik gertatuko frogetan?

Mailaketa bat osatuko dute. DNA froga bakoitzak 200 – 600 euro artean balio du. Familia askok ezin dute hori ordaindu, ezinezkoa da. Pentsa munduko herrialde pobreenez ere ari garela eta hilabete edo urteetako soldata dela hori. Mailaketa hori gaindi dezaketenak aukera bat ukanen dute, bertzeek ez. Bertzeei betirako itxiko dizkiete Frantziako atea, familia elkartzea galaraziz. Baina traba berri bat baino ez da hori. Administrazio mailan herrialde horietan zailtasun handiak daude agiriak lortzeko. Ibilbide latza da eta lortzen badute ere, ez du baliorik. Europako adituen arabera, hemendik urte gutxira 20 milioi etorkin beharko dira Europan ongizate maila atxikitzeko. Ez ote da kontraesan handia hori?

Politika hautatzea da. Familia aipatzea esker onekoa da eta iritzi publikoak sostengatzen du hori. Baina etorkinen kasuan bereizketan du oinarria. Frantziak hautatu nahi ditu etorkinak. Sendagileak nahi ditu, inginiariak, adituak. Horiek eta horien sendiek ez dute arazorik pairatuko. Hirugarren munduko txiroek pairatuko dituzte zailtasun eta bereizketak.

Agiri gabeko etorkinen kasuan, nola egin dezakete familia elkartzeko?

Hor ez dago aterabiderik, egoera gogortuko da, baldintzak gero eta gogorragoak izanen dira. Sarkozyk Lepenen hautesleak erakarri nahi ditu eta etorkinak baliatuko ditu horretarako. Berdin du bozkatu berriak diren legeak ez badira indarrean jarri, gehiago behar du, urtero lege bat.

Lehen gutxieneko soldata eskatzen zuten, orain kopuru hori 1,3 aldiz emendatzen dute. Langileek ez dute diru hori eta ezin dute familia ekarri. Uste dut gizartea errealitate hori ikusten ari dela eta Sarkozy okerreko bidetik doala, sobera urruti doala eta garesti ordainduko duela.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)