Hego Amerikako haize beroa

Latinoamerikako zinemaren jaialdia irailaren 24tik 30era antolatu dute Miarritzen, eta egitarau aberatsa osatu

Berria, xan aire, 19-09-2007

Miarritze

Iraila joanez bezala, giroa freskatzen hasi da, uda urruntzen. Baina haize bero batek jarraitzen du Miarritzeko karriketan: Latinoamerikako Zinemaren Jaialdia datorren astelehenean hasiko da, irailaren 30ean bukatzeko. Hego Amerikako kultura ezagutzeko aukera, film, liburu eta musikaren bidez.

Jaialdiko antolatzaileak pozik agertu dira 16. ekitaldia aurkezteko unean. «Ez gara usaian bezainbat lagunduak izan», gaitzetsi dute. «Frantziako Kultura Ministerioak aurtengo emaitzen arabera emanen du diru laguntza». Dena den, egitarau aberatsa josi dute aurten ere. Aurten ere lehiaketa izango da ardatz, eta hamarna film lehiatuko dira luzeen eta laburren sailetan.

Film lehiaketa

«Hau ez da izarren jaialdia, Latinoamerikako filmen jaialdia da». Marc Bonduel, Miarritzeko zine festibaleko ordezkariak gauzak argi utzi ditu: tapiz gorria filmei luzatua zaie aurten. Zuzendari eta aktore famaturik ez dela ikusiko errateko beste molde bat. Filmen kalitateari baizik ez dutela begiratu erakusteko manera ere bai.

Mamiari lotuz, estilo ezberdinekin josi dute aurtengo film luzeen zerrenda. Hamar pelikula sartu dituzte lehian, eta aberastasuna azpimarratu. «Gauzak salatzen, pobrezia erakusten dituzten film sozialekin lotzen dugu latinoamerikar zinema», ohartarazi du Guy Braucourt pelikula hautatzaileak. «Oraingoan, thriller – a (Esto huele mal), musika filma (Ó Pai ó), polizia filma (La noche de los inocentes) sartu dira lehiaketan. Besteak klasikoagoak dira. Baina Aurora Boreal, Hunabkú, Postales de Leningrado filmetan, haurren begietarik ikusten da bizia. Latinoamerikako zinemaren azken joera da hori». Benoit Jacquot izanen da film luzeen epaimahaiko burua.

Bestalde, film laburrek ere lehiaketa izanen dute. Hamar pelikula daude zerrenda ofizialean, eta Roland Nguyen frantses telebistako aurkezlea dago epaimahaiko buru. Dokumentalek ere arrakasta izaten dute, eta hamabost daude lehian aurten, Stephane Milleren izanen delarik epaimahaiko buru.

Bi lehiaketen irabazleak irailaren 30ean sariztatuko dituzte.

Armendariz eta Sanjines

Aurtengo jaialdiko izarra Pedro Armendariz aktore mexikarra izanen da. Lehiaketatik kanpo, beraz, omenaldia eginen diote Armendarizi, eta 40 urtez 155 filmetan parte hartu duela oroitaraziko. Bost pelikulatan ikusiko da Miarritzen. Horien artean, euskal film batean: Antonio Ezeizaren Ke arteko egunak.

Film luzeen inguruan, Boliviako zinemaren bilduma izango da, Jorge Sanjines zuzendariaren obrekin.

Laburrak, lehiaz kanpo ere bai

ENERC Argentinako zinema eskola famatuena da Miarritzeko beste gonbidatua, Silvia Barales zuzendariaren eskutik. Bertako ikasleen film laburrak emanak izanen dira. Bestalde, Kimuak – en hamar urteak ospatuko dituzte, mugimenduaren hamar pelikula eskainiz. Film laburraren gaua gomendatu dute antolatzaileek, irailaren 28an.

Zuzendari gazteen topaketa

Irailaren 29an, zuzendari gazteen topaketa antolatu dute. Hego Amerikako hiru zuzendarien obra laburrak hautatu dituzte, eta irabazleak 7.000 euroko laguntza jasoko du proiektu baten muntatzeko, aurkeztu duen pelikularen inguruan.

Literatura topaketak

Latinoamerikar kultura zabaldu nahi dute antolatzaileek jaialdian. Zinemaz aparte, idazle batzuek azken obrak aurkeztuko dituzte Miarritzen: Rafael Ochoa (El Salvador), Maya Montero (Kuba), Santaiago Gamboa (Kolonbia) eta Fabio Morabito (Mexiko).

Indigenak Ameriketan

Evo Morales Boliviako lehendakaritik abiatuz, indigenek nolako lekua duten Ameriketan aztertuko dute, eztabaida sakon baten inguruan. Film eta dokumentaletan oinarrituz, indigenen eskubideak azken urteetan nola aldatu diren ikusiko da.<\d><\d>

Erakusketak

Claude Lefevreren argazkiak, Panamako Embera herriko edertasuna eta isiltasuna, Colette Rousserie tindalariaren sorkuntzak, Latinoamerikako ipuinak ilustratzen dituenak eta Euskaldunen Argentina izeneko erakusketa: XIX. eta XX. mendeko emigrazioen aztarnak azalduko dituzte.

Musika – Dantza

Miarritzeko Kasinoaren aitzinean jarriko dute jaialdiko herrixka. Dantzak ikasteko aukera eskainia izanen da: tangoa, salsa eta Latinoamerikako hainbat mota. Arrats guztiz taldeak izanen dira giroaren berotzeko.

 

FILm Luzeen LeHIaKeTa

La sangre iluminada (Ivan Avila Dueñas, Mexiko).

Aurora Boreal (Sergio Tovar Velarde, Mexiko).

Esto huele mal (Jorge Ali Triana, Kolonbia).

Hunabkú (Pablo Cesar, Argentina).

La noche de los inocentes (Arturo Sotto, Kuba).

Matar a todos (Esteban Schroeder, Uruguai, Argentina eta Txile).

Ó Pai ó (Monique Gardenberg, Brasil)

Postales de Leningrado (Mariana Rondon,Venezuela).

O ano em que meus pais sairam de ferias (Cao Hamburger, Brasil).

Por sus propios ojos (Liliana Paolinelli, Argentina).

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)