Immigrazioa ez da arazoa Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarren ustez

Osasuna eta hezkuntza ez beste eskubideak, bakarrik legez daudenei ematearen alde daude herritar gehienak

Berria, i. pETXARROMAN, 19-09-2007

Donostia

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute arazotzat jotzen immigrazioa. Ikuspegik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Immigrazioaren Behatokiak, egindako azterketaren arabera, soilik herritarren %15ek dute immigrazioa gizartearen arazotzat. Alabaina, inkestatutako herritarren %4,2k bakarrik jotzen dute euren arazo pertsonaltzat. Inkestatutako bakoitzak hiru arazo emateko aukera izan du, eta %4,2k immigrazioa aipatu dute hiru horien artean. Baina, hiru horietan lehena %0,8k bakarrik aipatu dute immigrazioa.

Ikuspegi pertsonal horri garrantzi handia eman zion Immigrazioaren Behatokiko zuzendari Xabier Aierdik, gizartean dagoen iritzi pertzepzio orokorretik at dagoelako.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gutxiago jotzen dute immigrazioa arazotzat Europako beste eskualde batzuetan baino. Hala ere, Ikuspegiko Ikerketa zuzendari Jose Oleagarentzat, ikuspegi hori bat dator hiru probintzia horietan etorkinek hartu duten pisu demografikoarekin, oraindik ere beste leku batzuetan baino gutxiago baitira. Etorkinak herritarren %4 – 5 inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, esate baterako, %10 dira dagoeneko.

Ikuspegik Atzerriko immigrazioaren inguruko jarrerak eta pertzepzioak izeneko lehen barometroa aurkeztu zuen atzo.

ESKUBIDEAK LEGEZ DAUDENENTZAT. Etorkinak eta immigrazioa, oro har, arazotzat hartu ez arren, herritar gehienek «legez dauden» etorkinei eskainiko lizkiekete hezkuntza eta osasuna ez beste eskubideak. Esaterako, gizarte laguntzak guztiei ematearen aldekoak herritarren %23 dira. Babes ofizialeko etxebizitzak, aldiz, %15ek bakarrik emango lizkiekete etorkin guztiei, paperak izan zein ez izan.

Aldi berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienek (%83k) uste dute etorkinek ahalegindu behar dutela bertakoen ohiturak hartzen. Aldi berean, %57k uste dute erabateko onarpena lortzeko etorkinek tokiko legeekin ados ez dauden kultura eta erlijio alderdiei uko egin behar dietela. Gainera, %33k bakarrik pentsatzen dute bertako herritarrek ahalegindu beharko luketela etorkinen ohiturak eta usadioak ezagutzen eta horietara egokitzen. Ondorioz, Xabier Aierdik adierazi zuen «euskal herritarrak kultura aniztasunaren aldekoak» direla, baina «asimilazio ereduan» oinarritutako integrazioa planteatzen dutela.

Alde horretatik, inkesta egileek galdetu diete herritarrei etorkinen artean zeintzuk diren gizartera hobekien egokitu direnak. Hala, Europako Batasuneko eta Argentinako etorkinak dira integratuenak, inkestatuen iritziz. Gutxien integratu direnak, aldiz, Magrebeko eta Ekialdeko Europako etorkinak direla uste dute herritarrek.

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienentzat etorkinak eta haien kultura ez dira mehatxu bat euskara eta euskal kulturarentzat. Hala, herritarren %26k bakarrik uste dute etorkinak iristeak trabatuko duela euskararen garapena. Halaber, %24k baino ez dute uste atzerritarrak iristeak euskararen erabilera murriztuko duenik gune euskaldunenetan.

Ikuspegiko arduradun Aierdi eta Oleagarekin batera izan zen barometroa aurkezten Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendari Roberto Marro ere. Marrok nabarmendu zuen immigrazioa ez dela arazo bat herritarrentzat. Areago, askok «arazoen irtenbidetzat» jotzen dutela esan zuen. Esaterako, herritarrak hainbat lanpostu betetzeko dagoen eskasiari aurre egiten laguntzen dutela kontzienteak direla adierazi zuen.

Marroren iritziz, herritarrak «kultur aniztasunaren» aldekoak dira. Ildo horretan, Espainiako Atzerritarren Legea bertan behera uzteko eskatu zuen, eta, aldi berean, erkidego autonomoei alor horretako eskuduntza gehiago emateko.

EAEko Immigrazioaren Behatokiak 2004an egin zuen atzerriko immigrazioaren inguruko jarrera, eta pertzepzioei buruzko lehen azterketa. Orain lehen barometroa osatu du, 1.200 inkesta eginda (400 probintzia bakoitzean), eta haren asmoa da urtero – urtero berrituz joatea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)