D ereduan ikasiko dute Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleen %56,1ek

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan D eredua da nagusi; A eredua jaitsi egin da, eta B eredua, berriz, igo

Berria, , 11-09-2007

Beñat zamalloa

Gasteiz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleen %56,1ek hasi zuen ikasturtea, atzo ofizialki, D ereduan; %23,2k B ereduan; eta %20,7k A ereduan. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak atzo prentsaurrekoan emaniko datuak dira. Datu horien arabera, A ereduak beheranzko joera du, iazko ikasturtean baino 4.651 ikasle gutxiagok ikasiko dute eredu horretan. B ereduan, aldiz, 232 ikasle gehiago izango dira aurreko urtekoekin alderatuz gero. D ereduan izan da gehien igo dena, iaz baino 8.167 ikasle gehiago izango baitira.

Gipuzkoa da D ereduan ikasle gehien duen lurraldea: %71,9k ikasten dute. Aldi berean, A ereduan ikasle gutxien duen lurraldea ere bada, %9,1 hasi dira dira ikasten A ereduan. Bizkaian ikasleen %51,4k ikasiko dute D ereduan, eta A ereduan %25,5ek ikasiko dute. Bestela gertatzen da Araban, hiru ereduak nahiko paretsu baitaude: D ereduan dago ikasle gehien, %36; B ereduan ikasiko dutenak %33,1 dira; eta A ereduan %30,9 ariko dira.

Hiru lurraldeetan, Haur Hezkuntzan aurten hasi diren hiru urteko ikasleetatik %68,8k hasi dute ikasturtea D ereduan, %24,7k B ereduan eta %6,5ek A ereduan.

ETORKIN GEHIENAK, A EREDUAN. 17.165 ikasle etorkin egon ziren iazko ikasturtean Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. 2002-03 ikasturtetik 2006-07 ikasturtera, 11.210 ikasletan hazi da ikasle etorkinen kopurua.

%59 Hego Amerikatik etorritakoak dira, Afrikarrak dira %20, Europako beste lurralde batzuetatik etorriak %17,4, Asiakoak %3,2, eta Estatu Batuetakoak %0,4.

Bizkaian ikasten dute etorkinen erdiak baino gehiagok, %57,8k. Gipuzkoan, %24,1ek ikasten dute, eta Araban, %18,1ek.

Etorkin guztietatik %66,5 ikastetxe publikoetan ari dira ikasten eta%33,5 itunpekoetan. 2002-03 ikasturtetik 2006-07 ikasturtera itunpeko ikastetxeetan dauden ikasleen portzentajea zertxobait igo egin bada ere, egun, 17.165 ikasle etorkinetatik 5.653 gehiago ari dira ikastetxe publikoetan ikasten.

Ereduei dagokienean, A ereduan ikasten dute ikasle etorkinen %45,4k, B ereduan 27,8k eta D eredua da etorkin kopuru txikiena duen eredua, %26,8, hain zuzen ere.

Lurraldeka aztertuz gero, Gipuzkoa salbuespena da, Bizkaia eta Arabaren aldean. Izan ere, Gipuzkoan, 2006-07 ikasturtean, D ereduan zegoen ikasle etorkin gehien: 1.797. D ereduaren kopuru antzerakoekin, B ereduan, ostera, 1.628 ikaslek ikasi zuten, eta A ereduan 711 ikaslek.

Bestelako datuak dira Arabakoak eta Bizkaikoak. Araban, 3.104 ikasletatik 1.923k A ereduan ikasi zuten, B ereduan 844k, eta D ereduan 337k. Bizkaian ere, A ereduan izan zen ikasle gehien; 9.925etik 5.154. Bizkaian, berriz, D ereduan izan ziren B ereduan baino ikasle gehiago; D ereduan 2.469 izan ziren, eta B ereduan 2.302.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)