Hamar etorkin hil dira itsasora erorita Kanarietara iritsi nahian

Urte hasieratik ehun pertsona hil dira itsasoan; 179 etorkin atxilotu dituzte Senegalgo kostaldean

Berria, erredakzioa, 08-09-2007

Ustez iritsiak ziren kontinenterako bidean egin beharreko lehen geldialdira, Kanarietako kostaldera alegia. Baina etorkinen ontziak atzo goizaldean jo zuena ez zen Kanaria Handiko kosta izan, lurretik hogei bat metrora zegoen harri bat baizik. Ondorioz, txalupan zihoazen 18 lagunek ontzitik kanpora salto egin zutenean, bi metroko sakonerara erori ziren. «Egin duten bidaiaren ostean, giharrak gogortuta dituzte, nekatuak daude eta arropa mordoa dute gainean, ondorioz, harriak bezala erortzen dira uretara, ez dute beren burua salbatzeko ere aukerarik», azaldu du Espainiako armadako arduradun batek.

Larrialdi zerbitzuetan jasotako dei baten ostean, atzo goizeko seietan hasi ziren uretara eroritako pertsonen bila. Bost gorpu aurkitu zituzten hasieran, beste bostak hurrengo orduetan agertu ziren. Horietaz gain, baina, txalupako beste lau bidaiari erietxera eraman behar izan zituzten hipotermia arazoekin. Bestalde, atzo arratsaldean, 179 lagun zeramatzan txalupa bat geldiarazi zuten Europako segurtasun indarrek Senegalgo kostaldean.

URTE BELTZA. Tamalez, ordea, atzokoa ez da izan aurtengo lehen istripua. Urtearen hasieratik, ehun pertsonatik gora hil dira itsasoan. Istripu larriena uztailaren 19an gertatu zen, txalupa berean zihoazen ehun lagun inguru itsasora erori eta haietatik 48 itota hil zirenean. Lehen ezbeharra, berriz, urtarrilaren 1ean izan zen. 84 lagun zeramatzan ontzi bat iritsi zen Kanaria Handira, bat hilik zegoen.

Azken urteetan Europara iristen saiatzen diren pertsonen kopuruak gora egin duela eta, Europako Batasunak mugak zaintzeko segurtasun neurriak handitu zituen, eta Frontex sortu zuen. Era horretan, EB kostaldea blindatzen saiatu da. Baina horrek ez ditu geldiarazi beren herrietan bizi duten infernutik ihes egiten saiatzen diren etorkinak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)