Injustizien kontra

Berria, Uxue Apaolaza, 08-09-2007

Egunkariak irakurri gabe ere badakit hitz egin dezakedala Irakeko gorpuei buruz, Kolonbiako gerraz, Afrikako gaixotasunez (gu geu nagusia, Europa)… Beti daude hor injustiziaren bat salatzeko apeta dugunean; zein gorputz ona uzten duen zapalduak defendatzeak oporretatik bueltan! Txikitatik gurutzatu dugun ibaiari bezala begiratzen diegu; ikusi gabe.

Egunkariak irakurri gabe hitz egin dezakezu Kanariar uharteetara iristen diren, edo ez – iristen diren beltzei buruz ere. Ikusten ditugunean ez dugu noski erizain senegaldarra ikusten, eta Senegal diot gutxi direlako zuzen idazten dakizkidan estatu afrikarrak; beltzak iristen dira. Beltz horiek ikusi ere ez ditugu egin agentzia bidaiak jarritako gidari jarraituz beren herrialdea ibili dugunean, abenturazale. Eta ikusi bagenitu zer; berdin itzuliko gara etxera, berdin itoko dira, bizirik iritsi edo ez. Abenturak ezberdin amaitzen dira joan – etorria zein norabidetan egin den. Alcala de Henares – en beltz bat jipoitu eta elbarri utzi dute; ez da ezer gertatu, erasotzaileak lasai ederrean jarraitzen du.

Ene, zapalduak defendatzeak ematen duen nekea! Vemouth – a ederki irabazita agur esaten dut; ea biharko beste injustizia originalagoren bat aurkitzen dudan…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)