Udaltzainen «bortizkeria eta inpunitatea» salatzeko deia egin du Iruñea Gu Geuk

Udaltzaingoaren erreforma bideratzeko oposizioko udal talde guztiekin bilduko direla iragarri dute

Berria, jokin sagarzazu, 02-09-2007

«Mugara iritsi gara. Beharrezkoa da Iruñeko Udaltzaingoaren ereduaren inguruko eztabaida ematea». Iruñea Gu Geu taldeak Iruñeko udaltzainen «gehiegikeri kasuak» salatzeko erabilitako hitzak dira horiek. Abuztuaren 5ean Iruñeko Errotxapea auzoko bizilagun Maria Antonia Amadorrek bizia galdu zuen, sei egun lehenago haren senideen eta udaltzainen artean piztutako liskar batean buruan jaso zituen kolpeek eragindako odol jarioarengatik. Iruñeko hainbat gizarte mugimendu biltzen dituen Iruñea Gu Geu taldeak salatu duenez, ez Udalak eta ezta udaltzaingoak ere ez dute kasu horren inguruan inolako azalpenik eman. Senitarteko eta lekukoen arabera,berriz, udaltzainek jipoitu egin zuten emakume ijitoa.

Iruñea Gu Geuk aditzera eman duenez, Amadorren kasua azken hilabetetako «bortizkeri kasu larriena» izan da. «Zoritxarrez, horrelako zerbait gertatuko zela ikusten zen». Iruñeko Udaltzaingoak azkenaldian hartu duen norabide «zapaltzailea eta bortitza» amorruz eta harriduraz ikusten ari direla salatu dute, eta udaltzaingoa «helburu alderdikoiekin» erabiltzen duela leporatu diote Iruñeko alkate Yolanda Barcinari (UPN). Iruñea Gu Geu taldearen iritziz, udaltzainek «inpunitate osoa dute» UPNrekin bat ez datozen edozein herri mugimendurekin bortizkeria erabiltzeko. Hala, gaztetxeak eta gazte mugimenduak, jai herrikoiak, etorkinak, ijitoak, homosexualak, euskaltzaleak… dituzte helburu udaltzainek Iruñea Gu Geu taldeak esandakoaren arabera. Azken kasua Itoitzeko elkartasun taldeko Julio Villanueva izan dela gogoratu dute. Haren atxiloketan udaltzainek «bortizkeria eta botere gehiegikeria» erabili zutela salatu dute.

Udaltzaingoaren «norabide zapaltzailearen» nondik norakoak ezagutarazteko SOS Arrazakeriak eta Askatasunak jasotako datuekin txosten bat osatu du Iruñea Gu Geu taldeak. Udaltzainek lau egunetik behin pertsona bat atxilotu eta isuntzen dutela aipatzen da bertan. Halaber, mehatxu, eraso eta inpunitate kasuak jasotzen dira txostenean, hainbat herritarren adierazpenekin osatua. Kasu hauetan guztietan «botere gehiegikeria eta herritarrekin adostasunera iristeko borondate eza» nabari dela dio Iruñea Gu Geu taldeak. Hori dela eta, ikuspegi eraikitzaile batetik arazoak konpontzeko eta ez okertzeko balioko duen Udaltzaingoaren erreforma eskatu diote Udalari. «Erreformaren lehen pausoak Udaltzaingoaren egungo nagusi Simon Santamariaren kaleratzea izan behar du». Santamaria militar ohia da eta Iruñean «polizia politiko militar moduko bat» egitea duela helburu dio Iruñea Gu Geu taldeko kide Dani Saralegik. Iruñerriko egunkari digitalean argitaratutako artikulu batean dio, Santamaria Iruñeko udaltzaingoaren buru denetik hainbat udaltzainek haien lanpostua utzi dutela nerbio beheraldi eta bizi larriminengatik. Hori dela – eta, «korporatibismoa» utz dezatela eta Santamariaren «gehiegikeriak» sala ditzatela eskatu die.

ELKARRETARATZEAK. Irailaren 21ean Iruñeko udaletxean egingo duen osoko bilkuran mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute Iruñea Gu Geuko kideek. Horretarako oposizioko alderdi guztiekin biltzeko asmoa dutela adierazi dute. Ordu berean, elkarretaratzea egingo da Udaletxeko Plazan.

 

aTxILoKeTaK eTa IsunaK

SOS Arrazakeriak eta Askatasunak jasotako datuen arabera, lau egunetik behin pertsona bat atxilotu eta isuntzen du Iruñeko udaltzaingoak. Azken bederatzi hilabetetan 62 pertsona atxilotu ditu eta guztira 91.950 euroko isunak jarri ditu.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)