'Apartheid' garaiko bost buruzagi, hamar urteko kartzelara zigortuta

Akusatuek ez dute beteko zigorra; Hegoafrikako Barne ministro ohia dago auzipetuen artean

Berria, erredakzioa, 18-08-2007

Erresuma Batuko kolonoen ideia izan zen zuriak eta beltzak banatzea, baina politika horren puntu gorena 1948an iritsi zen, apartheid izena jaso zuen sistemarekin. Urte hartan Alderdi Nazionalak irabazi zituen bozak, eta Afrikaner Alderdiarekin koalizioan jarri zen agintean. Daniel François Malan lehen ministro berriak berehala jarri zuen indarrean sistema politiko berria: aurrerantzean debekatuak egon ziren arraza desberdinen artekoen ezkontzak; banakoak arrazaren arabera sailkatu ziren; eta horren araberakoak izan ziren eskubideak ere. Arraza bakoitzak zituen bere autobusak, hondartzak, erietxeak eta abar. Zuriek eta beltzek nortasun agiri desberdinak zituzten; eta beltzak ezin ziren baimen berezirik gabe zurien eremura igaro. Legedia horrek familia askoren banaketa eragin zuen.

1960. eta 1980. urteen artean, Gobernuak ia milioi erdi bat lagun aldatu zituen bizilekuz. Herritarrak beren arrazaren araberako taldeetan bildu zituzten. Nekazaritza eremu aberatsenak zurien esku geratu ziren. Beltzek ezin zuten zurien eremuetan lan egin, horretara baimentzen zituen dokumenturik gabe. Dokumentu horiek soilik langileentzat ziren baliagarriak, haien senideek ezin zituzten erabili. Horrek eta bazterketa bultzatzen zuten antzeko beste neurriek zuriak ez zirenen haserrea eragin zuten. Asko izan ziren beren kabuz justizia egitea erabaki zutenak.

SHARPEVILLEKO SARRASKIA. 1960ko martxoaren 21ean, apartheid – aren aurkariak kalera irten ziren. 3.000 eta 20.000 manifestari inguru bildu ziren Sharpevilleko polizia etxearen aurrean. Protesta baketsua zen. Manifestariek beren buruak eskaini zituzten atxilo zitzaten. 300 bat poliziak tiroka erantzun zieten polizia etxearen inguruko hesia bota eta aurrera jarraitzen zuten manifestariei. Tiroketan 69 lagun hil eta 186 zauritu ziren. Biktima guztiak beltzak ziren, eta hildako gehienek bizkarrean zituzten tiroak. Ihesean zihoazen hil zituztenean. Manifestazioa baketsua zen; ez zen, ordea, polizia zurien gustukoa. «Ehunka lagunek inguratu dute polizia etxea. Norbaitek harrikatu egin du nire autoa. Halakoak egiten badituzte, lezioa bide zailetik ikasi beharko dute», adierazi zuen poliziaburuak.

Orain, apartheid – a amaitu zenetik ia hogei urtera, sarraski horren erantzuleak aske bizi dira. Baina biktimentzat ez da horren erraza gertatutakoa ahaztea, ez eta barkatzea ere.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)