Mezkita zabalduko dute Gasteizko Adurtza auzoan, auzokide batzuk kexatu arren

Alde Zaharreko beste hiru mezkiten masifikazioarekin bukatzen lagunduko du tenplu berriak

Berria, J.R., 17-08-2007

Gasteiz

Gasteizko musulmanen egoera ondo ezagutzen du Ridha Hamidek. Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Gasteizen bizi denetik, eta komunitate horren inguruko gaietan murgildu delako.

Zer deritzozu Pablo Xerica kalean ireki nahi duten mezkitari buruz?

Mezkita bat irekitzen badute ongietorria izango da. Askok eskertuko dute hori, musulmanak gero eta hedatuagoak daudelako hirian. Azken urteetan komunitate musulmana %200 handitu da Araban, eta Gasteizen hiru mezkita daude. Barrenkalen dago bat eta San Bizente Paulekoaren kalean beste bi, bata bestearen aurrean. Ostiraletan lepo beteta daude. Badaude kalean errezatzen dutenak, mezkita barruan ez delako beste inor sartzen. Orain, inor gutxi dago oporrak direla eta.

Alde Zaharretik kanpo egingo den lehen mezkita izango da.

Hainbat egoera hartu behar dira kontuan hori ulertzeko. Alde Zaharra hainbat tokitako bilgunea izan da urteetan. Gasteizen jaiotakoak egoteaz gain, beste hamaika tokitakoak ere badaude, etxebizitza merkeenak baitaude bertan. Toki deigarriena ere bada, eta jendeak bertara jotzen du. Gasteizko lehen mezkita Alde Zaharrean egin zen, eta horrek jendea bertan biltzea eragin zuen.

Zer behar da mezkita bat irekitzeko, baimen guztiak dituen tokia izateaz gain?

Eliza bat ireki nahi duenak elizbarrutiko baimena behar du. Mezkitek elkarte baten babesa izan behar dute, Espainiako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren oniritzia duen elkarte baten babesa. Pertsona soil batek ezin du mezkita bat ireki. Lehen pausua da hori.

Eta Adurtzan ireki beharreko mezkitak elkarte baten babesa al du?

Egia esan, ez dut horren berri. Litekeena da baietz, baina une jakin batean laguntza eske etortzen bada gugana ongietorria izango da. Ez gara Onassis, baina laguntza ekonomiko apur bat emateko modua bilatuko genuke.

Bizilagun batzuk kexatu dira, mezkitaren kokapena dela eta.

Kexatzea zilegi da. Hori egiteko eskubide osoa dute. Kexatzeko nolabaiteko gatazka egon behar du, ordea. Arazoak egon aurretik kexatzea… Tunika eta bizarra duen gizon bat mesfidantzaz ikusten dute. Mezkitan jendea behin eta berriro sartzen ikusten dute, eta zalantza pizten zaie. Ez dakitena da guk bost aldiz errezatzen dugula egunean, ordutegi baten arabera. Ezjakintasuna da arazo gehienen iturria, zalantzarik gabe.

Gatazkatsua izan daitekeela diote bizilagunek.

Mezkita izateagatik ez du zertan gatazkatsua izan. Jendearen araberakoa da hori, eta denetarik dago komunitate musulmanaren barruan, komunitate kristauaren barruan dagoen moduan.

Errezatzeko bideratzeaz gain, Gasteizko mezkitei beste erabileraren bat ematen al zaie?

Ezkontzak eta bestelakoak egiten ditugula pentsatzen du jendeak, baina ez da horrela. Toki egokia bada, eskolak emateko erabil daiteke. Arabiera ikastaroak ematen ditugu, eskolan horretarako aukerarik ez baitago. Gure kultura eta ohiturak ez ditugu galtzen utziko Europan egoteagatik.

Zenbat mezkita daude Euskal Herrian?

Ea bada… Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Eibarren… Badaude batzuk. Gertatzen dena da oraindik ez gaudela atzerritar gehiegi. Gasteizen hiru mezkita daudela? Bai, lan eskerga egin dugulako hori lortzeko. Barrenkaleko mezkita 1993. urtekoa da, gutxi gorabehera, eta bestea orain dela sei urte ireki zuten, gutxi gorabehera.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)