HRWen salaketak sakon ikertuko dituela iragarri du Espainiak

Berria, , 29-07-2007

erredakzioa

Human Rights Watch erakundeak aste honetan kaleratu duen etorkin adingabeen egoerari buruzko txostenak zer esan ugari eragin du. Horiek hala, Kanarietako Gobernuak dokumentua zehaztasunik gabea dela kritikatu duen arren, Espainiako Gobernuak iragarri du sakon ikertuko dituela salaketa guztiak. Lan eta Gizarte gaietarako ministro Jesus Calderaren esanetan, baina, nabarmendu du Kanarietako Fiskaltzak egin zuen ikerketan ez zuela salaketak egiazkoak diren batere frogarik aurkitu. Giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, Kanarietako etorkin adingabeentzako bi zentrotan, ez dituzten haurren eskubideak errespetatzen, eta zenbait kasutan etorkinek tratu txarrak ere salatu dituzte. Ondorioz, HRWek zentroak ixteko eskatu du.

Berez, Kanarietako zentroen inguruko erabakiak uharteetako gobernuak hartu behar ditu, baina auziak eragin duen erantzuna ikusita, Madrilek gaia bere gain hartzea erabaki du. Calderaren iritziz, oraingoz, Kanarietan gertatu dena ez da esaten dutena bezain larria, Fiskaltzaren arabera, ez delako inolako gehiegikeriarik egon. «Hala ere Gobernuak ikerketa zabalduko du, herritarrak ziur egon daitezen inork ez duela tratu txarrik jasan, eta halakorik egongo balitz erantzuleek legearen pisu osoa jasan beharko dute».

FROGARIK EZ. HRWekoak urte hasieran joan ziren lehen aldiz Kanarietako etorkin adingabeentzako zentroak ikustera. Han zeuden haurren salaketak jaso ondoren, Fiskaltzari eman zion egoeraren berri. Salaketan ez ziren haurren izenak agertzen, ezta tratu txarren ustezko erantzuleenak ere. Ondorioz, Fiskaltzak dokumentua «zehaztasunik gabea eta lausoa» dela kritikatu du.

Kanarietako Fiskaltzak, hala ere, auzia ikertu zuen, eta zentroetan zeuden haurrekin bildu zen haien egoeraren berri izateko. HRWen arabera, ikertzaileak haurrekin taldeka bildu ziren, eta kasu batzuetan begiraleekin batera. Fiskaltzaren esanetan, ordea, ikerketa behar bezala egin zuten, eta ezer aurkitu ez izanak erakusten du HRWen txostenak ez duela funtsik.

Giza eskubideen aldeko taldearen arabera, bi zentrotan, Arinagan eta La Esperanzan egoera bereziki txarra da. Bietan etorkin adingabeek tratu txarrak eta gehiegikeriak jasan behar dituztela salatzen du txostenak, eta etorkin helduagoak eta begiraleak aipatzen ditu erantzule gisa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)