Herri handietan tratu txarren biktimentzako legeak agindu etxerik ez dagoela salatu dute

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko baliabideak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Berria, asier velez de mendizabal, 26-07-2007

Iruñea

Pilar Baigorrik Iruñeko Udalak babesten duen emakumeen arretarako zerbitzuan lan egiten du psikologo bezala. Harrera etxe horretan, tratu txarrak jaso dituzten emakumeei laguntza eta babesa emateaz gain, emakumeak laguntzen dituzten beste hainbat kolektiborekin elkarlanean dihardute: bakarrik dauden emakumeak, diskriminazioa jasaten duten emakume etorkinak… Dagoeneko, 3.600 emakume baino gehiago lagundu dituzte.

Noiz hasi zineten zerbitzu hori eskaintzen?

Iruñeko Udalak emakumeei eskaintzen dien arreta zerbitzua 1990. urtean jaio zen. Urteotan zentroa asko hazi da, eta gero eta emakume gehiago etortzen dira laguntza eske. Gainera, orain lehen baino langile gehiago dauzkagu, eta aurrekontu handiagoa daukagu.

Zer motatako zerbitzuak eskaintzen dizkiezueiarazoak dituzten emakumeei?

Bi motatako helburuak dauzkagu: alde batetik, gizonezkoen indarkeria pairatu duten emakumeak laguntzea, babestea eta aholkatzea; eta bestetik, gizartearen babesik gabe dauden emakumeak ere laguntzen ditugu. Horretaz gain, guregana laguntza eske datorren edozein emakumeri behar duen informazioa ematen diogu: dibortzioetan, bereizketetan edo seme – alaben kustodian zein eskubide eta betebehar dituzten esaten diegu. Azken finean, aholku baliagarriak ematen saiatzen gara.

Zenbat pertsonek lan egiten duzue harrera etxe horretan?

Une honetan, sei pertsona ari gara lanean: bi gizarte langile, abokatua, psikologoa, adiministraria eta kudeatzailea. Guztiok, zentrora laguntza eske datozen emakumeak hurbiltasunez eta xamurtasunez tratatzen saiatzen gara.

Gizartea emakumeek pairatzen dituzten tratu txarren arazoarekin kontzientzia hartzen ari dela uste al duzu?

Bai, gero eta gehiago. Duela hainbat urte, oso emakume gutxik salatzen zituen pairatzen zituen tratu txarrak, gizarteak hori gaizki ikusten zuelako. Gaur egun berriz, emakume asko gurea bezalako harrera etxeetara joaten dira eta beste askok epaitegietan salaketa aurkezteko pausoa ematen dute.Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeek gizartearen babesa daukatela esan daiteke, oro har. Dena den, datuei begiratuz gero, argi geratzen da arazoa oraindik ez dela amaitu eta tinko lan egiten jarraitzea beharrezkoa dela.

Baikortasunez begiratzen al duzu etorkizuna?

Bai, dudarik gabe. Nik uste dut datozen urteetan ere emakumeei arreta, laguntza eta babesa eskaintzen dizkieten zentroek ateak ireki da izando dituztela. Aurrerapauso asko ematen ari diren arren, zaila da egun batetik bestera hain arazo sakona desagerraraztea.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)