Etorkinak hartzerakoan, ardura partekatua eskatu dio Maltak EBri

EBko Barne ministroek Polizien kooperazio handiagoa hitzartu dute atzerritarrak kontrolatzeko

Berria, Erredakzioa, 13-06-2007

Uda gerturatu ahala, gero eta gehiago dira Europara bidea hartzen duten immigranteak, baina orain arte, Europako Batasunak ardura gutxi hartu du arazo horren gainean. Iritzi horretakoa da Malta, eta proposamen konkretua egin du hango Justizia eta Barne ministro Tonio Borgek, Europako Batasuneko kideen aurrean. Malta da immigrante gehien jasotzen dituen herrietako bat.

Maltak dioenez, immigranteak Europako herrien gunetan harrapatzen badituzte, herri horiek egin behar dute haien kargu, baina nazioarteko uretan atzematen dituztenen kasuan, Europako herrien artean banatu behar dira etorkinak. Banaketa herri bakoitzaren lurralde eta biztanle kopuruaren arabera egitea proposatzen du Maltak.

Etorkin asko nazioarteko uretan erreskatatzen dituzte, eta inork ez du haien kargu egin nahi. «Arazoa ez da nork erreskatatzen dituen, nork hartzen dituen baizik», azpimarratu du Borgek.

Legez kanpoko immigrazioaz batzar berezia izan zen atzoko Europako Ministroen Kontseilua, eta han egin zuen proposamena Maltak. Europako Batasunak orain arte etorkinen auzia konpontzeko neurri partekaturik hartu ez badu ere, proposamena aztertuko dutela esan zuten.

EBko kideen arabera, ez da erraza izango akordio bat lortzea, baina proposamena aztertuko dute. Dena den, neurri horiek ez dute balio behar etorkinak Europan geratzeko, diotenez. Hau da, lehenbailehen euren herrietara itzul daitezen mekanismo egokiak aurkitu behar dira ezer baino lehen.

Malta kritikatua izan da itsasoan immigranteei behar bezalako laguntza ez emateagatik, baina Borgek salatu du Maltak ez duela nahikoa egiturarik horiek hartzeko. «Azken bost urteotan 7.000 immigrante hartu ditugu. Ez da posible aurrera egitea Europako laguntzarik gabe, eta esango nuke herri asko lo daudela».

POLIZIA KOOPERAZIO GEHIAGO. Atzerritarren bisak kontrolatzeko kooperazio handiagoa egongo da hemendik aurrera Europako Batasuneko herrialdeetako Polizien artean, atzo Europako Barne eta Justizia ministroek hitzartutakoaren arabera. Herri batean atzerritar bat onartzen ez badute haren informazioa izango dute gainerakoak, beste edozein herritan sartzen saia ez dadin. Europako Parlamentuak jada onartua zuen hori, eta orain praktikan jartzeko neurriak hartu dituzte.

Bost urtean datu base bat partekatuko dute Europako herrialdeek. EBn urtero sartu nahi izaten duten 20 milioi atzerritarren nortasuna, argazkiak eta hatz markak sartuko dituzte datu base horretan.

Gero eta zailagoa izango dute legez kanpokoek Europako herrialdeetara sartzea. Holandako Parlamentuak, hala ere, 30.000 etorkinen egoera legeztatzeko erabakia hartu zuen atzo, ez baldintzarik gabe, hala ere. Sei urte baino gehiago daramatzatenen egoera izango da hobetuko dena, eta haiekin harreman zuzena duten senideena, ezkondu gabe dauden bikotekideak barne.

Gobernuak neurri horretatik kanpo utziko ditu jaioterrian gerra krimenez akusaturik daudenak, eta baita haien senideak ere. Hilabete baino gehiagoko espetxe zigorra dutenek edota behin baino gehiagotan euren nortasuna segurtasun indarrei ukatu dietenek ere ezingo dute holandar nortasuna eskatu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)