Enpresari bat atxilotu dute Olaztin, lan esplotazioaren delitu bat egitea leporatuta

Berria, , 20-05-2007

erredakzioa

Iruñea

Lan esplotazioaren delitua egitea egotzita, enpresaburu bat atxilotu zuen atzo Guardia Zibilak olaztin (Nafarroa). Haren enpresan sei etorkin gordeleku txiki batean ezkutatuta topatu zituzten guardia zibilek. Kontraturik gabe ari ziren lanean pertsona horiek, eta lanaldi izugarri luzeetan.

Ohiko lan ikuskatze baten ostean atxilotu zuen Guardia Zibilak enpresaburua. Eitb irrati-telebistak atzo iluntzean zabaldu zuenez, enpresaren egoitzan lanpostu kopuru handi baterako jarduera bazegoela ikusi zuten guardia zibilek, baina, ordea, langileak falta zirela jabetu ziren.

Enpresaren egoitza zehatz-mehatz arakatu zuten orduan guardia zibilek, eta orduan topatu zituzten sei lagunak. Etorkinak dira seiak, eta gordeleku txiki horretan zeuden ezkutaturik. Antza denez, lanaldi izugarri luzeak zituzten, eta inolako kontraturik ez.

Horiek horrela, enpresaren jabea atxilotuta eraman zuen Guardia Zibilak. 36 urteko gizonezkoa da atxilotutakoa, eta arabarra da. Atzo iluntzean epailearen esku zegoen atxilotua dagoeneko, baina lerrook idazterakoan ez zen jakina auzitegiak haren aurkako neurririk hartu ote zuen edo ez.

EZ DA LEHEN ALDIA. Atzokoak ez dira Nafarroan halako baldintzetan topatzen dituzten etorkinak. Langileak «esklabutzan» zituzten hiru enpresari atxilotu zituen Guardia Zibilak Milagron (Nafarroa), iazko abenduan. Langileetako batek salaketa jarri zuen ugazaben aurka, lan esplotazioa jasan zuela-eta. Hiru ugazabak atxilotu eta haien etxe batean hamaika langile gordeta zituztela topatu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)