Muga

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako alkateek mugako kontrolak gaitzetsi dituzte

Kontrolen helburua igaroan doazen migratzaileen etorrera kontrolatzea dela adierazi dute

Berria, Berria, 25-11-2021

Agiri bidez jakinarazi dute Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako alkateek ez daudela ados mugak gogortzearekin, eta esan dute ez datozela bat kontrolen xedearekin: «Kontrolen helburua iragaitzazko migratzaileak kontrolatzea da, eta salatu beharreko drama humanitario bat eragiten ari da hori».

Alkateek oharrean nabarmendu dute Bidasoa ibaia hiru hirien arteko «elkargunea» dela, eta ez dutela nahi etorkizun hobe baten bila datozen horientzako «tranpa hilgarri» bilakatzea. Azken hilabeteetan hil diren gazteak ekarri dituzte gogora, kontrolak saihesten hil direnak zein Bidasoa gurutzatzen ito direnak. «Ibaiko urek dolua ekarri dute», idatzi dute auzapezek, eta mugakoa «drama humanitarioa» dela esan dute.

Adierazi dute egunean ia 100.000 lagun direla mugaz gaindiko harremana «oinarrizkotzat» dutenak, eta lana, familia eta lagunak dauzkatela alde bietan askok. Berriro mugak ezartzea «harrigarria», «anakronikoa» eta «deserosoa» dela gehitu dute.

Arazoari batera erantzuteko beharraz jardun dute agirian, eta Frantziari, Espainiari eta Europako Batasunari eskatu diete erantzun bateratua emateko eta konponbideak bilatzeko, «berriro ere» Europa mugarik gabea izan dadin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)