Hezkuntza

Ikastetxeek Lanbide Heziketa inklusiboa lortzeko itun bat eskatu dute

Hetel elkarteak nabarmendu duenez, Oinarrizko lanbide Heziketa «aukera eskola bat» da, besteak beste, hezkuntzan arazoak dituzten gazteei edo migratzaileei laguntzen dielako.

Berria, Irati Urdalleta Lete, 18-10-2021

Lanbide Heziketa inklusiorako zer-nolako tresna den nabarmendu du Julen Elgeta Heteleko presidenteak, gaur goizean Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 27 ikastetxe biltzen dituen elkartea da Hetel, eta ikasturte honetarako erronka bat jarri diote haien buruari: LH Lanbide Heziketa inklusiboa dela erakustea. Ildo horretatik joz, itun bat eskatu du Elgetak: «Enpresen, erakundeen, ikastetxeen eta gizartearen arteko konpromiso edo itun soziala behar dugu, euskal LH inklusiboa lortzeko. Horrek esan nahi du inor ez dela kanpoan utzi behar, bere jatorria, generoa edo gaitasunak edozein direla ere, eta pertsona guztien ikaskuntza premiei erantzun behar zaiela, arreta berezia jarriz marjinalitatearen eta gizarte bazterkeriaren aurrean kalteberak direnei».

Oinarrizko Lanbide Heziketa zenbait ikaslerentzat «aukera eskola bat» dela nabarmendu du Elgetak, besteak beste, hezkuntza arazoak dituzten gazteei edo migratzaileei laguntzen dielako. Azaldu duenez, Heteleko ikastetxeetako Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatzen diren ikasleen %26 ez dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuta egon; %13,1ek «eskola premia bereziak» dituzte; %11k gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen dute; eta %32 etorkinak dira. Ikasketa horiekin lortzen dituzten emaitzak goraipatu ditu: «%72k baino gehiagok erdi mailako heziketa ziklo batean jarraitzen duten ikasten, lan merkatuan sartzeko aukera gehiago izango dutelako».

2021-2022ko ikasturtean hainbat berrikuntza txertatu dituzte. Eredu dualean programa pilotu bat martxan jarriko dute, erdi mailako eta goi mailako zikloetako lehen mailako ikasleek 2022ko apiriletik aurrera enpresetan praktikak egin ditzaten. Asteko hiru egunetan ikastetxera joango dira, eta beste bietan enpresara.

Hiru sari

Hetel sariaren VII. edizioko irabazleak zein diren ere jakinarazi du Elgetak. Haizea Windek, Ulma Packaging enpresak eta Julia Liberalek jasoko dituzte sariak. Elgetaren hitzetan, Lanbide Heziketa inklusiboa bultzatzeko egin duten ekarpena saritu du epaimahaiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)