Migratzaileak

Ehunka iheslari heldu dira asteburuan Espainiako kostaldera

Almeriako kostaldetik gertu hondoratutako ontzi batean zihoazen hamabi pertsonaren bila jarraitzen dute itsas erreskateko taldeek. Cadizen, berriz, joan den ostegunean hondoratutako ontzian zihoazen bi pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 18-10-2021

Gehienak Kanarietara eta Balear uharteetara heldu dira azken orduetan, baina izan dira kontinentera jo dutenak ere. Orotara, 500dik gora iheslari heldu dira asteburuaz geroztik. Balear uharteetara jo dute gehienek. 230 pertsona iritsi dira hara, 18 ontzitan. Murtziara beste 118 pertsona heldu dira, hamar txalupatan, tartean 11 adingabe. Guztiak dira aljeriar jatorrikoak, eta, iturri ofizialen arabera, osasunez ondo iritsi dira Espainiako kostaldera.

Ez dute guztiek zorte bera izan. Erreskate taldeek lanean jarraitzen dute, joan den ostegunean hondoratutako ontzian zihoazen iheslarien bila. Barbaten izan zen ezbeharra, Cadizko kostaldetik gertu. 28 lagun zihoazen bertan, eta horietatik hamarren gorpuak aurkitu dituzte, azken biak atzo bertan. Almeriatik gertu, berriz, desagertutako hamabi lagunen bila jarraitzen dute salbamendu taldeek.

Kanaria Handira ere hainbat ontzi iritsi dira. Horietako batean 45 pertsona zihoazen. Gurutze Gorriak zabaldu duenez, astebete zeramaten itsasoan noraezean. Ontzia 45 lagunekin irten zen, baina soilik 44 iritsi dira bizirik, tartean hainbat adingabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)