AEB-AK

Bigarren graduko hilketa leporatu diote Wright tirokatu zuen poliziari

Hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Suzko pistola taser elektrikoarekin nahastu zuela argudiatu du.

Berria, Edu Lartzanguren, 15-04-2021

AEBetako Minneapolis hiritik gertu Daunte Wright herritar beltza tiroz hil zuen polizia zuria atxilotu zuten atzo, eta hilketa leporatu diote. Bigarren graduko hilketa egotzi diote, hamar urterainoko kartzela zigorra ekar lezakeena.

Kim Potter poliziak joan den hilaren 11n hil zuen Wright, kontrol batean. Poliziaren bertsioaren arabera, taser pistola batekin nahasi zuen pistola arrunta.

Jacob Blakeren kasuan, berriz, hura tirokatu zuen polizia lanera itzuli da, zigorrik gabe. Abuztuan gertatu zen eraso hori. Agenteak «Poliziaren praktiken barruan» jardun zuela uste du AEBetako Kenosha hiriko Polizia Departamentuak. Tiroketaren ondorioz, Blake gerritik behera elbarri gelditu zen.

Protesta eta istiluak izan ziren igande eta astelehen gauetan. Brooklyngo Poliziak bideo bat plazaratu zuen, gaztearen hilketa «istripu» bat izan zela erakutsi nahian. Poliziek soinean eraman behar duten kamerarekin grabaturiko irudietan, atxiloketaren unea ikusten da, gazteak eskuak askatu eta bere autoan berriz sartzen dela, eta polizia batek pistolarekin apuntatzen duela. Emakumezko polizia bat entzuten da esaten «taserra, taserra!». Protokoloaren arabera, horrela ohartarazi behar die polizia batek bere kideei taser pistola batekin tiro egiteko asmoa duela. Pistola elektrikoak dira taserrak: bi ziri elektrodo jaurtitzen dituzte, eta jomugari zartako elektriko handia eragiten diote, eta, printzipioz, indarge uzten dute. Balak erabiltzen dituzten pistolen alternatiba «ez horren hilgarri» gisa erabiltzen dituzte. Bideoa erakutsita, Brooklyngo Poliziak argudiatu du agenteak balak jaurtitzen dituen pistola atera zuela, nahastuta, taserra zelakoan. «Ai ene, tiro egin diot», esaten du Kim Potter poliziak.

Batzuek zalantzan jarri dute agenteak bi pistola mota nahastu izana, eta nabarmendu dute Potter esperientzia handikoa dela, 26 urte zeramatzalako polizia lanetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)