MIGRATZAILEAK

106 migratzailek Irun eta Hondarribiako aterpetxeetan igaro dute gaua

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken egunetan elkartu diren migratzaile guztiak artatu dituzte, eta inork ez du gaua kalean pasa. Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu du.

Berria, BERRIA, 07-03-2021

Irunen (Gipuzkoa) azken egunetan elkartzen ari den migratzaile kopurua gero eta handiagoa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu du, horiei aterpe bat emateko. Hala jakinarazi zuen atzo Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak; zehazki, ohi baino 40 lo leku gehiago prestatu zituzten ostiralean Irungo El Peregrino aterpetxean, eta beste 50 pertsonarentzako lekua atondu zuten Hondarribian; baita Donostiako ikastetxe batean ere, migratzaile gehiago iritsiko balira. Jaurlaritzaren arabera, guztiek jaso dute arropa, musukoak eta eguneko hiru otordu biltzen dituen kit-a, eta inork ez du gaua kalean igaro.
Izan ere, azken egunetan, migratzaile ugari pilatzen ari dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Azaldu dutenez, magrebtarrak eta Saharaz hegoaldekoak dira gehienak, eta uste dute Kanariar Uharteetatik eraman zituztela Iberiar penintsulara, otsailean zehar; handik heldu ziren Euskal Herrira, Europa iparralderanzko bidean. Muga, ordea, itxita dago Lapurdi eta Gipuzkoa artean.
Irungo eta Hondarribiako aterpetxeetan 106 lagunek pasa dute gaua, tartean hamabost emakumek eta hiru adingabek. Kalkulatzen dute, guztira, 150 pertsona inguru batu direla. Irungo Belaskoenea auzoko aterpetxeak ehun bat lagunentzako lekua izan ohi du —gaur 64 lagun jaso ditu—, baina COVID-19aren izurriaren aurrean hartu beharreko neurrien eraginez, murriztuta zeukan ohe kopurua. Horiei «ohiko baliabideekin» erantzun ahal izan diela azaldu du Legarretak. Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun, Hondarribia eta Donostiako udalak elkarlanean ari dira baliabide horiek prestatzen.
Irungo erromesen aterpetxak 30 lagun artatu zituen bart, eta Hondarribiako aterpetxeak beste hamabi.
Era berean, nabarmendu du, «pandemiaz eta mugikortasunari ezarritako mugez harago, migrazioaren fenomenoak existitzen» jarraitzen duela, asteburu honetan Irunen gertatzen ari dena dela horren erakusgarria eta horri «erantzun egoki bat» eman behar zaiola.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)