Martxoaren 8 antirrazista: bizitzak erdigunean, guztionak

Berria, Anaitze Agirre Larreta, Silvana Luciani, 06-03-2021

Martxoaren 8 honetan, gaur ere emakume migratuen, errefuxiatuen eta arrazializatuen eguna dela gogorarazi nahi dugu. Feminismoak antirrazista, autokritikoa eta anbiguetaterik gabekoa izan behar duelako.

Hitz egin dezagun sustrai patriarkal eta arrazistak dituzten egitura politiko, sozial eta kulturalen aurka borrokatu beharra duten emakumeez. Jendarte neoliberalarentzat beharrezkoak eta instrumentalak diren egiturak. Gutxi batzuk profitatu, gehienok pairatu eta ez gutxik aurre egiten diegun egiturak. Mintza gaitezen emakume prekarioez, zaharrez, gazteez… eta ezaugarri hauek ere dituzten emakume migranteez, errefuxiatuez eta arrazializatuez ere, hitz egin dezagun.

Pandemia garai hauetan, zaintza eta etxeko lanak bezalako lanbideak —orain arte sozial eta ekonomikoki errekonozimendurik gabekoak— ezinbesteko eta lehentasunezkoak direla agerian gelditu den honetan, gogorarazi nahi dugu oraindik ere ez direla halakotzat hartzen. Ez da harritzekoa, beraz, betebehar hauek egiten dituztenak COVIDaren aurka txertatzeko lehentasunezko tokian jarri ez izana.

Gogoan ditugu emakume migratzaile horiek guztiak, gehienbat adineko pertsonen zaintzaren edo etxeko lanen sektorea inposatzen baitzaie, lan-alternatiba bakar gisa. Zeregin hau gauzatzeko kualifikazio ezberdinik edo handiagorik izan edo ez, beste lan batzuetara sarbidea moztua dute. Antza denez, merkatu honetan bere lekua gureak zaintzen soilik dute, gainera, beste lan-jarduera batzuekiko desberdinkeria eta prekaritate baldintzetan. Hori guztia legeek berretsita, noski. Eta hori gutxi ez balitz bezala, askotan, lan-abusuak edota sexu-abusuak pairatuz.

Gogoan ditugu modu klandestionan bidaiatzera behartuta ikusten diren emakumeak, psikologikoki eta fisikoki bortxatuak, muga eta lege arrazistez osatutako sistemak bortxatuak, zirkulazio askea, bide seguruak, babesa eta harrera duina ukatzen dizkietenak. Kriminal gisara tratatuak diren emakumeak, Europako Batasunak eragindako giza hondamendiaren biktimatzat aitortu ordez. Aipaturiko guztiagatik, beren bidaia-kideekin batera, sarritan itsas hondoan amaitzen duten emakumeak. Europa honek nahiago baitu mugetan gastu militar eta teknologikoan inbertitu, giza eskubideen errespetuan eta harreran baino.

Gogoan ditugu trans pertsonak, genero-autodeterminazioa onartzen ez zaielako eta beren bizitza bortxatzen duen identitateari eustea inposatzen zaielako. Espero dugu lege berriak azkenean justizia egitea gure ahizpei.

Gogoan ditugu erlijio edo kultura desberdina izateagatik feminismoarentzat mehatxutzat hartzen diren kideak ere. Mehatxu bat, halaber, Europaren inguruan ezarri nahi diguten ideia faltsu horrentzat, faltsuki zuria, homogeneoa eta laikoa den Europa horrentzat.

Gogoan ditugu sexuaren industrian lan egiten duten ahizpak, gehienak migrante eta arrazializatuak, eta, burujabetasuna ukatzeaz gain, erabakitzeko eskubidea aitortzen ez dien legea inposatzen zaienak.

Gogoan ditugu, halaber, kide arrazializatuak, beti besteak bezala tratatuak direnak, eta egunero bertakotzea ukatzen zaienak.

Atzerritarren Legetik abiaturik, desberdinzalea eta arrazista den jendartea egituratzen duen lege sistema argiki errefuxatzen dugu.

Gaur eta egunero instituzioei, herri mailakoetatik hasi eta Europakoetaraino, exijitzen diegu, beren konpetentzia eta baliabideak erabil ditzatela bizitza zainduko duten politika publikoak egin eta ezartzeko. Behingoz eta benetan, bizitza erdigunean jar dezatela. Guztion bizitzek sistema ekonomiko bortitz, misogino eta arrazista honek lehenesten dituen etekin ekonomikoek baino gehiago balio dezaten. Herrialde pobretuetan ere lurrak ustiatzearen kontura lortutako irabaziak. Eta handik gurera iristen badira, kanporatzen saiatuko ditugunen lurrak. Hemen hartzen ditugun lagunentzat ere bizia ez da goxoa izango: lan prekarioak hartu beharko dituzte ziurrenik, eta ez dituzte gure eskubide berberak izango, inondik ere.

Jendarteari eskatzen diogu, emakume, gizon eta kategoria hauekin identifikatzen ez direnei, aldaketaren parte aktibo izan daitezela. Ez dugu zalantzarik anti-arrazismoak, feminismoarekin batera, gizarte hau humanoago eta bizigarriago egingo dutela. Guztiontzat.

Emakume guzti-guztien berdintasun erabateko eta errealarengatik, M-8ko kontzentrazioak babesteko deia egiten dugu, COVIDaren aurkako murrizketak kontuan hartuta eta errespetatuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)