«Greziak huts egin digu: gizakiak izango ez bagina bezala tratatzen gaitu»

Europara Egeo itsasoa gurutzatuz datozen migratzaile gehienek espero ez zuten errealitate batekin egiten dute topo Greziara iristean. Bizi ziren herrialdeetatik ihes egin behar izan zuten Chabrownek eta Yasaminek, baina kanpamentuetan baldintza lazgarrietan bizitzera behartu dituzte.

Berria, Iñaki Agirre, 21-09-2020

Yasamin jatorriz afganiarra da, baina bere bizitzaren zati handiena Pakistanen eman du, gurasoen lurrean hazara etniakoa izatea arriskutsuegia bilakatu zelako. Hazarek, xiitak orokorrean, estremista erlijioso suniten jazarpen gogorra jasaten dute, eta haien aurkako atentatuak ohikoak dira Afganistanen. Yasaminen aita Afganistango armadako soldadua zen, eta talibanen esku hil zen alaba soilik haurtxo bat zenean. Horren ostean, familiak Pakistanera ihes egitea erabaki zuen, han bizitza berri bat eraikitzeko itxaropenarekin.

Pakistanen 20 urte igaro eta gero, ordea, haien egoerak ez zuen hobera egin, Afganistandik kanporatu zituen mehatxuak ondoko herrialdean ere presente jarraitzen zuelako: «Pakistanen Estatu Islamikoak indar handia dauka, eta hor ere ez geunden salbu. Nire anaia zaharrak ezin zuen lanik egin, eta nik ikasketak utzi behar izan nituen horregatik. Hortik ihes egin beharra zegoen, eta Europara etortzea erabaki genuen».

Lehengusu batzuek utzitako diruarekin Turkiarako bidaia ordaindu ahal izan zuten ama, alaba eta bi anaientzat, eta gero ontzi txiki batean bizitza arriskatu zuten, Egeo itsasoa gurutzatuz, Greziako Lesbos uhartera iristeko. Hori duela urte eta bi hilabete gertatu zen, eta, geroztik, familia Moriako kanpamentuan bizitzen egon da, joan den asteko sutea gertatu zen arte.

Greziako Gobernuak eman dion harrerarekin desengainaturik, Yasaminek kontinenteko beste herrialde batera joan nahi du orain, ikasketak jarraitu, ingelesa landu eta «familiari laguntzeko» lan bat topatzeko: «Aukera izan bezain laster, Greziatik irten eta beste herrialde batera joango gara. Ez dit inporta nora; etorkizun on bat eskaini diezagukeen edozein lekutara. Inoiz ez genuen imajinatu Europan kanpamentu batean biziko ginatekeenik. Hemen gauzek behingoz hobera egingo zutela uste nuen, baina orain ez dakit zer pentsatu gure etorkizunaz».

Asteburuan, Greziako Gobernuak Yasamin eta bere familia Lesboseko migratzaileentzako kanpamentu berrian birkokatu ditu, Kara Tepen, Moriako beste hamar mila biztanle ingururekin batera, baina berak ez du hor egon nahi. Izan ere, kanpamentu batean hainbeste denboraz bizitzeak bere amari sekulako kaltea eragin diola azaldu du, «buruko min handiak eta arazo ginekologiko larriak» ekarri dizkiola azpimarratuz: «Moria ez zen bizitzeko leku on bat. Arazo gehiegi zeuden hor, eta horregatik ez nago ados kanpamentu berriarekin. Barruan harrapatuta nahi gaituzte, eta ez dakigu noiz izango garen ateratzeko gai. Agian beste urtebete pasatuko dugu denda batean lo egiten».

Chabrownek ere amorru handia dio kanpamentu batean bizitzeko ideiari, eta horretarako arrazoirik ez zaio falta. Berak eta bere arrebak familia arazoengatik egin behar izan zuten ihes Kongoko Errepublika Demokratikotik, eta duela ia bi urte Lesbosera iritsi ziren: «Aita ez genuen ezagutu, eta, nire amari sorgina izatea leporatzen ziotenez, arrebak eta biok oso bizitza zaila izan genuen gure herrialdean. Lehenik Turkiara joan ginen, eta han asiloa eskatzeko aukera ukatu zigutelako etorri ginen Greziara», azaldu du.

Moriako kanpamentua izan zuten bizileku uhartera iritsi zirenetik, eta haien egoerak zaila izaten jarraitzen zuen arren, elkarri babesa emanez itxaropena mantentzeko gai izan zirela dio Chabrownek. Zoritxarrez, denak okerrera egin zuen duela sei hilabete, kanpamentuko gizon batek bere arreba labankada batez hil zuenean, sakelakoa lapurtu nahi ziolako: «Bakarrik geratu nintzen, nirekin nuen pertsona bakarra zelako. Dena galdu nuen, eta ez nintzen gai sentitzen nire senideei azalpenak emateko. Kongora bueltatu nahi nuela erabaki nuen orduan, baina ez zidaten Lesbosetik irteten utzi, eta itxaron egin behar dudala erantzun zidaten».

Geroztik, Chabrown Moriatik irteteko unearen zain egon da. Itxaroten, Moriako biztanle guztiak bezala, koronabirusa dela-eta gobernuak kanpamentuari ia urte erdiz luzatu zen berrogeialdia ezarri ziolako: «Azkenean, sua izan da Moriatik atera gaituena. Birusarena gu hor barruan sartuta mantentzeko aitzakia hutsa zen, migratzaileak hiritik aldenduta nahi dituztelako. Arrazistak dira. Europa osoan zehar dago arrazismoa, baina hemen bereziki. Greziak huts egin digu, gaizki tratatzen gaituelako, gizakiak izango ez bagina bezala».

Yasaminen familiari gertatu zaion bezala, Chabrown Kara Tepeko kanpamentu berrian bizitzera behartu dute orain, berak dioen modura, «beste kartzela batean preso izateko». Eta panoramak ez dauka itxura onik berarentzat. Izan ere, bere asilo prozesuaren elkarrizketa egiteke dauka oraindik, eta ez daki noiz izango den Lesbosetik ateratzeko gai.

Horregatik, etorkizunari buruz galdetuta ere, bere begirada elkarrizketa osoan zehar bezain tristea da: «Ia bi urte daramatzat lanik egin gabe, eta ezin dut nire egoera aldatu blokeatuta naukatelako. Nik lana egin nahi dut, familia bat izan… Nire eginbeharra hori da, baina ezin naiz hemendik mugitu. Ezin dut ezer egin. Jateko zerbait ematen didate eta hemen geratzera behartzen naute. Zerbaiten zain egon; ezin dugu besterik egin».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)