Jatorri atzerritarra dutenek jaso baino gehiago ematen dute

EAEko BPGari %2,06ko ekarpena egin zioten 2018an, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren ikerketa baten arabera

Berria, Igor Susaeta, 22-05-2020

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aztertu du jatorri atzerritarreko herritarrek zer ekarpen egiten dioten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari, gastuaren, kontsumoaren bitartez, eta ondorioa argia da: EAEko administrazioetatik laguntzen bidez dirutan jasotzen duten ia halako bi ematen dute. Immigrazioaren behatokiak Cultumetria gizarte analisietan espezializatutako enpresarekin elkarlanean datu ofizialetan oinarrituta egindako ikerketak adierazten du 2018an %2,06ko ekarpena egin ziotela BPG barne produktu gordinari. «Administrazioetatik jaso zuten baino 810 milioi euro gehiago gastatu zituzten», nabarmendu du Arkaitz Fullaondo behatokiko ikerlariak.

Ikerketa Bilbon aurkeztu zuten atzo, eta, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuordeak adierazi zuenez, emaitzak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jatorri atzerritarreko herritarrak ez direla «laguntza publikoetatik bizi», eta azterketak balio duela, horrenbestez, haiei buruzko «estereotipo eta zurrumurru batzuk» hausteko.

Fullaondoren ustez, jatorri atzerritarreko herritarrek «jasotzen duten horretan» jartzen da «beti» fokua. «Baina argi eta garbi ikusi da zelako dinamismo ekonomikoa eragiten duten kontsumoaren bidez, eta migrazioaren fenomenoak zer-nolako inpaktu positiboa duen ekonomian». Azterketa egiteko kontuan hartu dituzten aldagaien artean daude fakturen ordainketak, erosketak, eta dendak irekita edukitzearen ondorioz eragiten duten jarduera ekonomikoa, besteak beste.

Alvaro Fierro Cultumetriako ikerketa proiektuen arduradunak xehatu zituen datuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoek 714 milioi euro jarri zituzten atzerritarrentzat: 32 milioi euro baino gehiago etxebizitzarako, 200 milioi pasa zerbitzu sozialetarako, 157 bat milioi osasun eginkizunetarako, eta 224 milioi pasa hezkuntzarako. Fierroren arabera, kopuru hori «oso txikia» da migratzaileek urtero egindako 1.525 milioi euroko ekarpenarekin alderatuta. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak familia bakoitzaren gastua neurtzeko egindako inkesta eta erakunhorren beraren Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen 2018ko Azterketa aintzat hartuta lortu dute kopuru hori. Hala eta guztiz ere, Fullaondori iruditzen zaio «ikuspegi kontserbadore batetik» egin dutela azterketa, administrazioen datu ofizialekin «soilik» landu dutelako, «ezkutuko ekonomiaren» zenbakiei erreparatu gabe.

Joera bat berretsiz

Behatokiko ikerlaria, halere, ez dago «harrituta» emaitzarekin. Haren esanetan, munduan, «izan AEBetan, Europan edo Espainiako Estatuan», auziaz egiten diren azterketek erakusten dutena «berretsi» baitu EAEn egindakoak. Gogoratu du, bide batez, 2016an argitaratu zutela beste ikerketa bat, ikusteko herritarren sektore horrek nolako ekarpena egiten zuen zergen bitartez. Orduan ere, nahiz eta ikerketak Atzeraldi Handiko garaiko datuak jaso (2008-2012), ikusi zuten EAEko «ongizate sistemetatik» jasotzen zuten baino gehiago ematen zutela atzerritarrek ikuspegi fiskaletik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)