Ertzaintzak ikertu egingo du San Frantziskoko atxiloketan poliziek izandako jarrera

SOS Arrazakeriak aipaturiko lekukoen arabera, poliziek buruko gaitz bat duen gazte bat «indarkeriaz» atxilotu dute Bilboko San Frantzisko auzoan, eta haren ama ere «jo» eta preso eraman dute. Ertzaintza agente horien jarrera ikertzen ari da.

Berria, Berria, 31-03-2020

SOS Arrazakeria elkarteak agiri bat plazaratu du iritzia emateko sareetan bolo-bolo dabilen bideo baten inguruan. Elkartearen arabera, irudiak gaurkoak dira, eta Bilboko San Frantzisko kaleko gertaera bat jasotzen dute. Erakundeak aipatzen dituen lekukoen arabera, Ertzaintzaren patruila batek gelditu egin du kalean erosketetatik etxera zihoan gazte bat. Lekuko horiek esan dutenez, gazteak buruko gaitz bat dauka, baina men egin die polizien aginduei.

Halere, borrarekin jo dutela adierazi dute SOS Arrazakeriak aipatzen dituen lekukoek. Ondoren, haren ama heldu da, poliziei azaltzera gazteak buruko osasun arazoak dituela. Gaztea atxilotu egin dute, eta ama ere borrarekin jo dute, eta lurrera bota, lekukoon eta bideoen arabera. Elkarteak oharrean adierazi duenez, zazpi polizia aritu dira ama-semeak atxilotzen. Preso eraman dituzte biak azkenean, auzoen protesten artean. Gauean utzi dituzte aske.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, barne ikerketa bat abiatuko du, polizia horien jarrera egokia izan ote den zehazteko. Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu du auzia ikertuko dutela, “praxi txarren bat dagoela detektatzen den aldiro egiten den moduan”.

Josu Bujanda ertzainburuak ere eman du barne ikerketaren berri. «Halako jarreren kontra gaude. Kasu batzuetan, gauzak ez ditugu ondo egiten, eta baditugu gure arauak aztertzeko nolako zigorrak ezarri behar zaizkien ertzain horiei», esan du astelehen goizean ETB1eko Egun on Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan.

SOS Arrazakeriak salatu du San Frantzisko auzoko biztanleak «pairatzen ari diren poliziaren gehiegikeria» areagotu egin dela konfinamenduarekin. Adierazi dute Bilboko beste auzoetan ez dela halako «militarizaziorik eta presiorik» pairatzen. «Salatzen dugu etxe azpiko dendara erostera jaitsi den gazte arrazializatu baten aurka poliziak erabilitako gehiegikeria», idatzi du elkarteak. «Salatzen dugu, era berean, emakume etorkin baten kontrako gogorkeria, gaixorik dagoen seme baten defentsan etsita garrasika ari den emakume baten kontrakoa, alegia». Horrez gain, leihoetatik protesta egin duten auzoei poliziek eginiko «mehatxuak» salatu dituzte.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakudeak ere ohar bat kaleratu du, auzo horietako «bazterkeria eta pobrezia» egoera salatzeko, zeina okertu egin baita alarma egoera indarrean jarri denetik auzo horietan bizitzen ari diren «polizia gehiegikeriekin». «Neurriak ezarri direnetik, Polizia autonomikoak eta Udaltzaingoak militarizatu egin dituzte gure kaleak, eta beldurra eta tentsioa sortu», azaldu du taldeen koordinakundeak. Salatu du «abusuak» egiten ari direla poliziak, jendea kalean modu arbitrarioan eta zakar identifikatuz, eta horren kontra egin izan duten auzotar batzuei salaketak jarri dizkietela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)