Koronabirusa

Bilboko San Frantzisko «militarizatu» dutela salatu dute auzokideek

Ertzainek buruko gaitz bat duen gazte bat jo eta atxilotu egin zuten igandean; haren ama ere jo zuten, eta atxilo eraman. «Arrazakeria» salatu dute eragileek. Segurtasun Sailak barne ikerketa agindu du

Berria, Gotzon Hermosilla, 31-03-2020

Alarma egoera ezarri zenetik, ugaritu dira Poliziaren gehiegikerien berri ematen duten albisteak, baina igande arratsaldean Bilboko San Frantzisko auzoan jazotakoak hautsak harrotu ditu, auzokideek gertaerak grabatu zituztelako eta bideoak azkar hedatu direlako sare sozialetan. Auzoko eragile sozialek «Poliziaren gehiegikeriak» eta «kaleen militarizazioa» salatu dituzte, eta arrazakeria zantzuak sumatu dituzte gertaeretan.

Lekukoek adierazitakoaren arabera, igande arratsaldean Ertzaintzaren patruila batek gelditu zuen kalean erosketak egitetik etxera zihoan gazte bat. Lekuko horiek esan dutenez, gazteak buruko gaitz bat dauka, eta men egin zien polizien aginduei.

Sarean hedatutako irudietan ikusten da gaztea ertzainengana hurbildu zenean agenteek jo egin zutela borrarekin, eta hormaren kontra paratu zutela bortizki, miatzeko asmoz. Ondoren, haren ama heldu zen, poliziei azaltzera gazteak buruko osasun arazoak dituela. Gaztea atxilotu zuten, eta ama ere borrarekin jo zuten, eta lurrera bota, lekukoen eta bideoen arabera. Atxilo eraman zituzten biak azkenean, auzoen protesten artean. Igande gauean utzi zituzten aske.

San Frantziskoko auzokideek BERRIAri adierazi diotenez, atzo goizean ama-semeek besoa trailan zeramaten, baina ez zuten osasun zentrora joan nahi, beldur zirelako. Auzokideak saiatu ziren adore ematen, arratsaldean osasun zentrora joan zitezen.

Poliziaren «gehiegikeria»

SOS Arrazakeriak salatu du San Frantzisko auzoko biztanleak «pairatzen ari diren poliziaren gehiegikeria» areagotu egin dela konfinamenduarekin. Adierazi dute Bilboko beste auzoetan ez dela pairatzen halako «militarizaziorik eta presiorik». «Salatzen dugu etxe azpiko dendara erostera jaitsi den gazte arrazializatu baten aurka poliziak erabilitako gehiegikeria», esan du elkarteak. «Salatzen dugu, era berean, emakume etorkin baten kontrako gogorkeria, gaixorik dagoen seme baten defentsan etsita garrasika ari den emakume baten kontrakoa, alegia». Horrez gain, leihoetatik protesta egin duten auzoei poliziek eginiko «mehatxuak» salatu dituzte.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak ere salatu du auzo horietako «bazterkeria eta pobrezia» egoera, zeina okertu egin baita alarma egoera indarrean jarri denetik auzo horietan bizi izaten ari diren «polizia gehiegikeriekin».

«Neurriak ezarri direnetik, Polizia autonomikoak eta Udaltzaingoak militarizatu egin dituzte gure kaleak, eta beldurra eta tentsioa sortu», azaldu du taldeen koordinakundeak. Salatu du «abusuak» egiten ari direla poliziak, jendea kalean modu arbitrarioan eta zakar identifikatuz, eta horren kontra egin izan duten auzotar batzuei salaketak jarri dizkietela.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak Bizkaiko hogei bat elkarte eta erakunde biltzen ditu horrek ohartarazi du gobernuek eta polizia erakundeek «herritarren eskubideak babesteko legezko betebeharra» dutela polizia agenteen jardueretan, eta alarma egoera ezin dela «aitzakia» izan «estatuaren segurtasun indarrek oinarrizko eskubideak urra ditzaten».

Josu Bujanda ertzainburuak adierazi du Ertzaintzaren barne arazoetarako saila afera aztertzen ari dela, ETB1eko Egun on Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan. «Jarrera horien kontra gaude. Batzuetan, gauzak ez ditugu ondo egiten, eta gure arauak ditugu aztertzeko nolako zigorrak ezarri behar zaizkien ertzain horiei», esan du. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ere berretsi dio BERRIAri gertatutakoa «ezagutu bezain azkar» igorri zutela Ertzaintzaren barne arazoetarako sailera, eta han auziak «ohiko bidea» egingo duela.

«Nekea ez da aitzakia»

Mertxe Gomez San Frantziskoko bizilaguna eta hango herri mugimenduko kidea da. Esan duenez, emakumearen oihuak entzundakoan jakin zuen gertatzen ari zenaren berri, baina bere etxetik ezin izan zituen atxiloketak ikusi. Dena dela, ziurtatu du gaztea etxera zihoala Ertzaintzak geldiarazi zuenean, auzoko dendan mendafina erosi ostean. «Gertatutakoak ez du inolako zentzurik», azaldu du: «Eta nekea eta urduritasuna ezin dira aitzakia izan. Herritarrok ere urduri gaude egoera hau dela-eta».

Ama-semeak eta gainerako senitartekoak oso ezagunak dira auzoan. Gomezek dio «harro» dagoela auzokideek emandako erantzunaz: «Beste zenbait lekutan gertatu denaren kontrakarrean, hemen auzokideek erantzun egin diote erasoari», esan du, eta uste du «mendekua» etorriko dela: ez dauka auzokideei helarazitako isunen berri, baina, dioenez, igande gauetik ertzainak auzoan zehar ibili dira, antza denez, bideoak eta ertzainen kontrako oihuak nondik egin ziren identifikatu guran.

Atzo iluntzean lapiko jotzea egin zuten San Frantzisko auzoan, SOS Arrazakeriak deituta, «Poliziaren gehiegikeriak eta arrazakeria» salatzeko.

Afaf El Haloui. Ahizpatasunako kidea
«Grabatu delako sinesten dugu, baina andre marokoarrei ez zaie sinesten»

Aspaldiko salaketa da Bilbon: magrebtarrek maiz jasaten dituzte identifikazio arrazistak. Emakume marokoarrak biltzen dituen Ahizpatasuna elkarteko kide Afaf El Hanouik salatu du egoera latzean bizi direla andre atzerritarrak: «Gaixotasunari baino beldur handiagoa diogu etorkizunari: oso egoera ahulean gaude, eta krisi honek desberdintasunak areagotuko ditu»

Erasoa jasandako ama-semeak ezagutzen dituzu. Zelan daude?

Oso txarto. Emakumearekin hitz egin dut, eta hondoratuta dago: zapaldu egin dituzte, baina haiek ez dute ezer egin; erosketa bat egitera jaitsi zen semea, eta ertzainei ordainagiria erakutsi zien… Andreak ahal izan zuen moduan azaldu zien poliziei semeak buruko arazoak dituela, baina erantzuna izan zen jotzea eta haren gainean jartzea; gainera, gure kulturan oso gaizki ikusia dago hori egitea, umiliagarria da: gizon batek ezin du emakume bat horrela ukitu.

Horrelakoak ohikoak al dira auzoan?

Bai, egunero gertatzen zaizkigu migratuoi eta arrazializatuoi. Eta horrelakoak baino larriagoak ere bai. Duela gutxi pasatu zaio hau emakume marokoar bati: logela bat alokatuta zeukan, eta pisukide batek urtebetez egin zion eraso; poliziek ospitalera eraman zuten, eta han utzi zuten, Bilboko gizarte zerbitzuen telefono zenbakiarekin; epaiketa azkarra egin zen, eta epaileak gizonari eman zion arrazoia, lesioen txosten medikoa aurkeztu arren; eta andreak beste etxe bat bilatu behar izan du. Zer egin dezakegu halako kasuetan? Oso babesgabe gaude. Bilbon gertatutakoa grabatu zen, eta horregatik sinetsi diegu, baina emakume marokoarrei ez die inork sinesten.

Itxialdia hasi zenetik okertu al da egoera?

Bai. Isun oso handiak jartzen zaizkie marokoarrei.

Zer giro dago auzoan orain?

Urduri gaude; emakume askok negarrez deitu didate, esanez hau onartezina dela: komunitate osoari egindako eraso bat da. Baina, aldi berean, auzoko kolektiboek oso ondo erantzun dute: abokatuen laguntza eskaini dute, prentsa oharrak igorri dituzte, bizilagunek elkartasuna adierazi dute… Oso eskertuta gaude.

Aratz Estonba. Abokatua
«Honelako egoerek dakarte polizien zigorgabetasuna areagoatzea»

Akab Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeak goiz lanpetua izan zuen atzo: kexa ugari jaso dituzte San Frantziskoko erasoaren bideoa argitara atera denetik. Aratz Estonba partaidea oso kritiko mintzatu da polizien jarreraz.

Uste den baino ohikoagoa al da San Frantziskon gertatua?

Bai. Euskal Herrian poliziek orokorrean badute formakuntza nahiko bortitz bat, eta San Frantziskon eta antzeko auzo herrikoietan are jarrera bortitzagoa dute berez; kontua da honelako egoeretan bortizkeria hori naturalizatuagoa dutela poliziek. Gainera, uneotan kalera ateratzeari buruzko araudia nahiko lausoa da, zehaztugabea, eta horrek poliziei interpretazio aukera handiak ematen dizkie. Ertzaintzak irizpide batzuk ezarri ditu, baina horixe dira: irizpide, ez lege. Edonola ere, hori guztia batzeak dakar polizien zigorgabetasuna areagotzea, batez ere aurreiritzi arrazistak eta klasistak aktibatuta dituzten inguruetan.

Jasotzen ari zareten salaketen eta testigantzen arabera, nolakoak dira gehiegikeria horiek?

Hainbat lekutan, jarrera nagusia da errepresiora jotzea, isunera, pedagogia egin ordez; izan ere, jendeak beti ez daki zer egin behar duen. Horrek dakar pertsona batzuek aurre egitea poliziei, eta hortik aurrera, poliziek desobedientzia egoztea. Ezagutu ditugu halako hainbat gertaera. Adibidez: gizon bati alokairua amaitu zitzaion konfinamenduan zehar, jabeak ez zion etxean geratzen utzi, eta mudantza egiten ari zela ertzainek isuna jarri zioten; gizonak gertatutakoa azaldu zien, eta ertzainek erantzun zioten bost axola zitzaiela, ezin zuela kalean egon; bizilagunek grabatu egin zuten, eta ondoren ertzainek txirrina jo zieten, esanez irudiak zabalduz gero haiei ere isuna jarriko zietela. Badirudi San Frantziskon gauza bera egiten ari direla.

Zer lege aplikatzen ari dira?

Mozal legea; baina interpretazioa errege dekretuaren araberakoa da: ezin denez etxetik irten, kalera ateratzea osasun publikoaren aurkako jarrera bat izan daiteke, eta Poliziak esaten badu etxera joateko eta ez bada betetzen, desobedientzia arau hauste edo delitu bat izan daiteke.

Egun batzuetan 700-800 isun jarri ditu Ertzaintzak. Gehiegizkoa al da kopuru hori?

Bai. Mozal legea indarrean sartu eta bi urtera, ia 3.000 isun jarri zituzten; eta orain kopuru hori gainditu egin dute jada.

Horrelako tentsio egoeretan, zer egin behar dute herritarrek?

Lehenik, poliziekiko konfrontaziotik ihes egiten saiatu behar da: errazagoa da salaketa bat saihestea, gero horren aurrean defendatzea baino. Saihetsezina baldin bada, saiatu behar da ahalik eta lasaiena mantentzen gorputz jarreran eta tonuan, arrazoia erabiliz, eta ahalik eta azkarrena egoera horretatik alde egin. Hala ere, konfrontaziorako arriskua antzematen bada, komeni da solasaldia grabatzea, poliziak konturatu gabe, gerora frogak edukitzeko.

Polizia indarrak eta indar militarrak hartzen ari diren botereak zer eragin izan dezake gerora?

Badago joera militarista ageriko bat: diskurtso belikoa erabiltzen ari dira gaixotasun bati aurre egiteko. Gainera, alarma egoeran, boterea Barne, Defentsa eta Osasun ministerioek hartu dute, eta horrek adierazten du zein den estatuaren bizkarrezurra. Aurrera begira, eredu kaltegarria da: osasun eskubidea bermatu eta arazo sozialei erantzun ordez, pedagogia egin eta honi kolektiboki aurre egiteko moduak bultzatu beharrean, beldurrarekin jokatzen ari dira. Eta jendeari helduleku bat falta zaio: guregana jotzen ari dira asko, segurtasunik gabe bizi direlako. Abagune horretan erreferentzia militarrak erabiliz gero, jendarte autoritarioagoa sortuko da, poliziei eta militarrei onarpen handiegia emango diena, horrek dituen arriskuekin: ardura kolektiboa eraiki ordez, ardura delegatu bat sortzen da, hierarkikoa eta boterean oinarritua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)