Batasun Nazionala: gora, baina nekez

Eskuin muturrak emaitza onak izan ditu urteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Halere, Eguzki Urteagaren iritziz, bi itzuliko sistemak eta Iparraldeko baldintzek ordezkaritza lortzea zailtzen diote.

Berria, Jon O. Urain, 24-03-2019

Eskuin muturraren presentzia ez da berria Ipar Euskal Herrian. Batasun Nazionalak emaitza «esanguratsuak» eskuratu zituen hainbat lekutan 2015eko kantonamendu bozetan, Eguzki Urteaga soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen arabera; guztira, 14.000 boto baino gehiago bildu zituen (%13), eta hirugarren indarra izan zen Baionako, Angeluko eta Miarritzeko bost kantonamenduetan (Lapurdi), nahiz eta espero zen baino emaitza apalagoak lortu. Kantonamendu bakarrean igaro zen bigarren itzulira, eta EH Baik irabazi zion hor. 2017an, Frantziako presidentetzarako bozetan laugarren indarra izan zen lehen itzulian Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baina botoen %23 pilatzera heldu zen bigarrenean.

Urteagaren iritziz, Batasun Nazionalak nekeza dauka ordezkaritza handia lortzea tokiko edo kantonamenduetako bozetan, bi itzuliko hauteskunde sistemak zaildu egiten diolako bigarren itzulian %50era heltzea. Hala ere, Marine Le Penek alderdiaren zuzendaritza hartu zuenetik «desdemonizazio estrategia bat» garatu zuen, eta alderdiak gora egin du Frantziako Estatuan nahiz Ipar Euskal Herrian.

Demokrazia kristaua nagusi

Ez, ordea, neurri berean. Hazkundea motelagoa da Ipar Euskal Herrian Frantziako Estatuan baino, eta hiru dira arrazoiak, Urteagaren esanetan; batetik, «demokrazia kristaua ezartzea Ipar Euskal Herrian eta kosta atlantikoan»; bestetik, sektore industrialak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan pisu eskasagoa duenez, desindustrializazioak ez du hainbesteko eraginik izan Euskal Herrian, eta desindustrializazio prozesu horiek nozitu dituzten lurraldeetan zabaldu du Batasun Nazionalak bere boto kopurua: «Alderdi Komunista indartsu zegoen lekuetan». Urteagaren iritziz, horri erantsi behar zaio Ipar Euskal Herriak «identitate, kultura eta hizkuntza propioa» izatearen eragina.

2017an, presidentetzarako bozen ostean egin zituzten Frantziako Asanbleakoak, eta ordura arte hazkorra zen dinamika eten zitzaion hor Batasun Nazionalari. Halere, Urteagak uste du «oraindik hauspoa» daukala eta emaitza onak izaten jarraituko duela; baita Iparraldean ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)