Eskuina. Eskaintza berriaren aukerak eta mugak

Eskuina. Eskaintza berriaren aukerak eta mugak

Eskuin muturrak azala mudatu du Europan, eta uhin erreakzionarioa gero eta handiagoa da. Euskal Herrian, eskuinak aspaldiko eskaintza zabalena izango du bozetan. Adituek diote plaza zaila dela Voxentzat, baina balitekeela agenda politikoan eragitea eta beste eskuinak eskuinerago mugitzea.

Berria, Jon O. Urain, 24-03-2019

Eskuin muturraren alkandorak urteak eman ditu armairuan sartuta, inor gutxik jantzita eta zahar usaina hartuta. Azken urteetan, ordea, boladan jarri da Europan, eta hazi egin da herrialde gehienetan oro har; eskuin berri horrek ideologia erreakzionarioaren azala mudatu du, eta erakargarri bihurtu da hainbat herrialdetako boto emaileentzat. Eskuin muturra apal heldu zen Euskal Herrira, Fronte Nazionala zenaren eskutik, baina Vox Espainiako panorama politikoan agertzea elementu berritzailea da Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako politikagintzan.

Testuinguru horretan, eskuin unionistak aspaldiko eskaintzarik zabalena aurkeztuko du, aurrena Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara, eta gero Hego Euskal Herriko udal eta foru bozetara. Nola eragingo dio zatiketa horrek eskuinaren arrakastari edo porrotari? Botoak sakabanatuko ditu, edo, kontrara, gai izango da eskuineko boto emaileen esparru tradizionala zabaltzeko? BERRIAk kontsultatutako adituen iritziz, Voxek eragin mugatua izango du bozetan, baina haren arrakasta nagusia izan liteke agenda politikoan eragiteko gai izatea eta PP nahiz Ciudadanos eskuinera mugitzera behartzea.

MERKATU MUGATUA

Espainiako Estatuan azken hilabeteetan Voxen izenpean loratutako eskuin berri hori protagonismoa izaten ari da jada hauteskundeen atarian, nagusiki heda- bideetan, eta baliteke eragin hori ordezkaritza ganberetara hedatzea apiril-maiatzetan. Edozein kasutan, aurrena Espainiako Gorteetan eta hurrena Hego Euskal Herriko erakundeetan lor dezakeen ordezkaritzaz harago, adituak bat datoz espektro politiko berri horren agerpenaren ondorio nagusietan: eskuinen arteko lehiak eskuinerago eramango ditu alderdi guztiak, eta planteamendu atzerakoi batzuk egitea pixkanaka ez da gehiago tabu.

Urteak dira Europa osoan eskuin erradikaleko eta eskuin muturreko alderdiak protagonismoa irabazten ari direla, eta Fronte Nazionala heldua zen Euskal Herrira kantonamenduetako eta Frantziako presidentetzarako bozetan. Hego Euskal Herrian, PPk eta UPNk monopolizatu izan dute nazionalismo zentralistaren diskurtsoa, baina Andaluzian Vox indarrez sartu izanak hauspotu egin du alderdia Espainiako Kongresuan sartzeko eta Euskal Herrian sektore zehatz batzuk mobilizatzeko aukera. Hori horrela, eta Nafarroan UPNk, PPk eta Ciudadanosek akordioa egin eta gero, eskuin unionistak azken hamarkadetako lehiarik handiena izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru sigla aurkeztuta. Ikusteko dago, beraz, PPk nagusitasunari eutsiko dion eta zenbateraino higatuko duten Voxek eta Ciudadanosek.

Edozein gisara, eskaintza zabal horrek bi efektu izan ditzakeela uste du Asier Blas Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak. «Bat: eskuineko boto emaile espainolista oso mobilizatuta egongo dela, lehen aldiz 1980ko hamarkadatik, lehia handia egongo delako hiruren artean. Horrek ekarriko du boto emaile horren partaidetzak gora egingo duela». Gogora dakar hori bera geratu zela euskal abertzaletasunean: «EAJ eta EA zatitu zirenean, 1986-87ko hauteskundeetan lau aukera abertzale zeuden, eta horrek eragin zuen abertzaleek inoiz izan zuten boto kopururik eta ordezkaritzarik handiena izatea. Antzeko zerbait gerta liteke orain eskuin espainolistaren botoekin. Gainera, kontuan hartu beharra dago boto emaile hori gehiago mobilizatzen dela Espainiako hauteskundeetan».

Beste eragin bat ere izan lezake eremu politiko horrek hiru alderdi izatea aukeran: botoa sakabanatzea. Blasek uste du zatiketa horrek kalte egingo diela hirurei; besteak beste, hiruren artean dagoen boto banaketaren arabera, PP ordezkaritzarik gabe gera litekeelako Araban. Gipuzkoa plaza zaila izan ohi da PPrentzat, eta Bizkaian ere ia ziurra du diputatu bat lortzea, baina oso zail bi eskuratzea. Nafarroan, beraz, PPren, Ciudadanosen eta UPNren batasunak kontrako efektua izan lezake? Alegia, apustu irabazle argi bat izateak mobiliza lezake Navarra Sumaren aldeko botoa? Blasek uste du udal eta foru hauteskundeak, neurri batean, «bigarren itzuli bat» izango direla, «eta aurreikusteko zer gertatu daitekeen bigarren itzulian» ikusi beharko litzatekeela zer gertatzen den lehenengoan: «Badirudi lehenengoan gertatzen denak baldintzatuko duela bigarrena, eta badirudi indartuta ateratzen diren posizioek boto erabilgarria kontzentra dezaketela».

D’Hont legeak eta hauteskunde barrutiek eskainitako aukerez harago, Euskal Herriko eztabaida politikoan nagusi diren ardatz edo haustura lerroek mugatu egiten dute PPk, Voxek edo Ciudadanosek izan dezaketen arrakasta, Miriam Ureta EHUko ikerlariaren arabera. Ardatz horietako bat, nagusia, nazionala da: «Printzipioz, ez dirudi diskurtso ultranazionalista espainiarra kualitatiboki edo kuantitatiboki Euskal Herrian errotu daitekeenik». Bi adibide jarri ditu: 2018ko Soziometroaren arabera, abertzaletasuna zerotik hamarrera neurtuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek 5ean kokatzen dute beren burua; bestetik, Bizkaiko Diputazioak finantzatutako 2017ko inkesta baten arabera, lau bizkaitarretik hiru daude erabakitzeko eskubidearen alde. Herritarren gehiengoak, beraz, ez du bat egiten eskuin unionistaren oinarri ideologikoekin.

Bat dator Blas: «Oraindik ere funtzionatzen duen lehen identifikazioa abertzaletasunarena edo espainolismoarena da. Orduan, zailtasuna dago aukera politiko aratz bat sortzeko gai baten inguruan, eta transbertsaltasuna lortzeko». Ardatz nazionalari beste muga batzuk erantsi dizkio: batetik, «eskuin espainiazaleak» Euskal Herrian duen «estigma»; bestetik, ardatz sozioekonomikoan hautu neoliberala egin duela Voxek: «Euskal Herrian badakigu gehiengoa subjektiboki ezkerrean eta objektiboki zentro-ezkerrean kokatzen dela. Horrek berriro ere txikitu egiten du haren merkatua».

Europan eskuin erradikalaren hazkundea ahalbidetu duen zeharkakotasun hori ez da gertatu Espainiako Estatuan, Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakaslearen esanetan: «Sabai bat dauka hazkundean, inkestek erakusten dutenez. Zenbat eta handiagoa izan PPk lurralde batean duen indarra, orduan eta handiagoa da Voxek hazteko duen aukera; kontrara, zenbat eta txikiagoa izan PP eta Ciudadanosen batura lurralde batean, Voxek hazteko duen tartea askoz txikiagoa da». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beraz, «tarta txikiagoa» da.

ESKUINAK, ESKUINERAGO

Besterik da Voxek azaleratutako agenda erreakzionario horrek nola gogortzen dien diskurtsoa PPri eta Ciudadanosi eta, beraz, nola naturalizatzen dituen agenda horren osagaiak. Gomezek kezka dauka horrekin: «Ulertzen dut eskuin muturreko alderdien hazkundea eragozteko estrategiari buruzko eztabaida. Nola egin ez dadin hazi. Erakundeetan sartuta, gal lezake indar hori. Baina beste batzuek eskuin muturrari ideiak erosten badizkiote, niri zer axola dit bere babes soziala ez handitzea, diskurtso hori bere egin duten alderdien babes soziala handitzen bada?». Haren iritziz, Voxek «oinarrizko kontsentsu guztiak» apurtu ditu: «Hasi gara barneratzen Voxek esaten dituen astakeriak. Arazoa da bi alderdi instituzionalek oso azkar erosi diotela diskurtsoa, eta Andaluzian berehala egin dutela hitzarmen bat. Arazoa jada ez da soilik Vox; beste bik haren agenda barneratzen badute, hiru alderdien botoak hartu behar dira kontuan». Alde on bat ere antzematen du, ordea: «Badirudi ez daudela hainbeste herritar atzean. Sabai bat dago, eta boto emaile guztiak bloke ideologiko beretik datoz».

Voxek «agenda politikoan eta iritzi publikoan eragiteko» izan lezakeen gaitasunarekin dago kezkatuta Eva Silvan ere, politologoa eta Save The Children erakundeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaria: «Hiru eskuinen konfluentziaren arrakasta agendan eragiteko gaitasuna izango da, eta ez da kontu txikia, hortik hasten baita eraikitzen orube bat urte batzuen buruan boto kopurua handitzea eragin dezakeena». Silvanen iritziz, «arlo sozialean eta kulturalean Voxen posizioak erosten» ari da PP: «Eskuin tradizional kontserbadorea eskuin muturraren jokoan erortzen ari da, eta ustez gaindituta zeuden iritziak erosten ari zaio». Hauteskundeez eta botoez harago, ordea, hiru alderdiak «hegemonia kulturala» ari dira lehiatzen, Uretaren esanetan, eta horrek balio «autoritarioetara» mugiarazi du eskuin espainiarzale osoa: «Lehia hori ez dira ari jokatzen marko instituzionalean, baizik eta batez ere hedabideetan eta kalean».

AUKERAK ETA MUGAK

Andaluziako hauteskundeen kanpainan hasi eta Espainiako Gorteetarako bozen aurreko proposamenetaraino, Voxek zabaldu dituen proposamenek zalaparta eragin dute: armak eramateko eskubidea izatea, Podemos eta alderdi independentistak legez kanporatzea, genero indarkeriaren aurkako legeria bertan behera uztea eta memoria historikoaren legea indargabetzea, besteak beste. Proposamen bakoitza egin duen aldiro, gainerako indar politikoak bere asmoaren inguruko balorazioak egiten jarri ditu; hortaz, oraintxe bertan Voxek ezartzen du, neurri batean, Espainiako eztabaida politikoaren markoa. Hauteskundeetarako hilabete eskas baten faltan, boto kontserbadorea mobilizatzeko proposamenak egiten ari da PP: «Familiaren Ministerio bat» sortzea, 1985eko Abortu Legea berreskuratzea, Katalunian 155 «iraunkorra» ezartzea eta, berriki, paperik gabeko emakume immigranteen kanporatzea etetea horien haurrak adopzioan ematen badituzte.

Beraz, zeintzuk dira hegemonia kultural horren bataila nagusiak? Zeintzuk agenda erreakzionarioaren ardatzak? Uretaren arabera, «ultranazionalismo espainiarrak, xenofobiak, matxismoak, tradizionalismoak eta kontserbadurismoak» osatzen dute. Gai horiek epe motzean botoa mobilizatzen ez badute ere, ba al dute babesik euskal gizartean?.

Lau adituek immigrazioa aipatzen dute diskurtso horren ardatz nagusien artean, immigrazioaren aurkakotasunak adiera ugari baditu ere. Bilbon, segurtasunik ezari buruzko afixak agertu dira azkenaldian, eta hain justu horrelako mezuetan mozorrotzen da sarri antiimmigrazioa, Gomezek gogora dakarrenez: «Europan, ultraeskuinaren hazkundea beti egon da lotuta immigrazioarekin. Ez da segurtasunarekiko kezka hutsa; esaten dute segurtasunik eza dagoela immigrazioak delinkuentzia sorrarazi duelako. Immigrazioaren eta segurtasun ezaren arteko lotura hori oso arriskutsua da, eta erabakigarria izan da, Suedian eta Frantzian esaterako, ultraeskuinak gora egiteko». Bestelako baldintzak ikusten ditu hemen, ordea: «Euskadik oso immigrante gutxi dauzka, Frantziarekin eta Suediarekin alderatuta; Euskadi da biztanleko polizia kopuru handiena duen Europako espazioa. Datuekin, erraza da diskurtso hori geratzea». Bestelako adierazle batzuk ere hartzen ditu kontuan: «Inkestei begiratuta, euskal abertzaletasunak zerikusi handiagoa dauka nazionalismo zibiko batekin; EH Bildu da iheslariak gehien maite dituen alderdia eta haien alde gehien mobilizatzen dena». Eta, halere, hainbatek badute segurtasunik ezaren eta hura immigrazioarekin lotzearen pertzepzioa. «Bandera hori haizatzen duen alderdiak bere gain hartu beharko ditu kostuak», dio Gomezek.

Silvanek uste du, ordea, badaudela diskurtso horiek «errotzeko baldintzak»: «Ez genuke autokonplazentziaz jokatu behar, pentsatuz ezin dutela arrakasta izan, izan dutelako». Gogora dakartza Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak 2011-2015 legealdian erabilitako mezuak; Marotok «immigrazioa estigmatizatu» zuen, Gomezen hitzetan; Silvanen iritziz, ordea, Marotoren jarrerak «erreakzio handia» sortu bazuen ere, aurkakotasun horrek «ez zuen eragin Marotoren boto kopurua apaltzea». 2015eko udal hauteskundeetan lehen indarra izan zen PP, baina, Maroto kentzeko, EAJko hautagai Gorka Urtaran babestu zuten EH Bilduk, Irabazik eta Hemen Gaudek.

Marotok immigranteei buruzko mito bat astindu zuen, hauteskundeetan emaitza onak lortzeko asmoz: immigranteek laguntza sozial gehiago dituztelako ustea. Silvanek uste du pertzepzio hori, faltsua izan arren, testuinguru zehatz batean zabaltzen dela: «Hori gertatzen da krisi ekonomikoan, langabezia hazten denean eta kaleetan mestizajea gero eta gehiago antzematen denean. Aukera sortzen du konfrontazio mezu zehatz batzuk zabaltzeko eta ongizatearen chauvinismoaren diskurtsoa garatzeko: baliabideak mugatuak dira, eta daudenak, lehenik etxekoentzat. Mezu horrek izan lezakeen harrera ez da gutxietsi behar». Marotok Gasteizen baliatu zuen, baina Voxek mezu hori bera erabil lezake Bilbo Handian; zerrendak osatzeko lanetan ari da Getxon, Basaurin eta Barakaldon, besteak beste.

Segurtasunak janzten du immigrazioaren aurkako diskurtsoa, baina xenofobia eta islamofobia daude muinean, Uretak ohartarazi duenez: «Euskadiko gorroto delitu eta gertakarien erdia baino gehiago jatorriz arabiarrak diren pertsonen, beltzen edota ijitoen aurka izaten dira». Alde horretatik, uste du «Europako olatu arrazistaren» arrastoak ere badaudela Euskal Herrian, eta balitekeela horrek baldintzatzea alderdiek zer jarrera duten immigrazioarekin.

Feminismoaren eta genero berdintasunaren aurkako jarrera izan da Voxen beste ikurretako bat, eta ikur hori haizatu du, hain zuzen, mugimendu feminista kalean giharra erakusten ari den garaian. Silvanen iritziz, aldarrikapen feministak sendo daude Euskal Herrian, baina aldarri horiekiko «nekea» antzematen du hainbat sektoretan, eta uste du eskuinak hori balia lezakeela: «Ni ez nintzateke lasai egongo. Kontrauhin feminista egiazkoa da, eta helburu argi bat dauka: mugimendu feminista higatzea eta emakumeen eskubideetan atzera egitea. Agerikoa da saiatuko direla, baita aurrean erantzuna izango dutela ere».

Azken urteetako mobilizazioekin feminismoak lortutako hegemoniaren adierazle izan liteke Ciudadanosek «feminismo liberala» defendatu izana, genero berdintasunaren gurdira igotzeko beharraren erakusle. «Politikoki zuzena izatea, gaur egun, feminista izatea da», Gomezen esanetan: «Matxismoaren bandera jada ezin da hain esplizitua izan». Eta, hala ere, esplizitu egin du Voxek; tabu bat hauts lezake hainbat sektorerentzat, eta, Uretaren hitzetan, Voxen proposamenek «erreferentzia marko bat» eskaini diete sektore horiei: «Euskal Herrian, mugimendu feminista oso indartsua da, eta artikulazio gaitasun handia dauka, sakontze demokratikoan aurrera egiteko. Aitzitik, badaude sektoreak mugimendu feministaren helburuekin mehatxatuta senti litezkeenak eta erreferente bat topa lezaketenak Voxen diskurtsoan mugimendu feministari eraso egiteko».

ESKUBIDEAK JOKOAN?

Hortaz, lortutako eta jada finkatutzat jotako eskubideak kolokan ikusten ditu Uretak, uste baitu «mugimendu feministak, subiranistak, bakezaleak, antimilitaristak eta ekologistak lortutako garaipen sozialak mehatxatuta» daudela: «Sakontze demokratikoaren alde borrokatzen diren mugimenduen kontrakoa ordezkatzen du Voxek». Espainiako Kongresuan presentzia esanguratsua lortuz gero, eragina nabarituko da Euskal Herrian, Uretaren iritziz: «Estatuaren bilakaera errepresiboaren aktore garrantzitsua da Vox, balio autoritario eta antidemokratikoak sustatzen baititu. Eta bilakaera errepresibo horrek oihartzuna dauka Euskal Herrian». Beraz, baliteke berriro ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apenas ordezkaritzarik duen espektro ideologiko batek agintzea Madrilen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)