Uztailera arte, iaz iritsiriko migratzaileen erdiak lehorreratu dira Europan

Lehen aldiz, migratzaile gehiago iritsi dira Espainiara Italiara baino. Italiak ez dizkio portuak irekiko Proactiva Open Arms erakundeari

Berria, Itxaso Orbegozo Borda, 18-07-2018

Azken aldian EB Europako Batasuneko herrialdeek migrazioarekin duten jarrera hizpide da nazioartean. Gero eta migrante gehiago etortzen direla diote Europako lider ugarik, eta asko indartu dira halako mezuak, baina IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak Europako migrazio datuak aurkeztu ditu atera berri duen txostenean. Datu horien arabera, 2018aren lehen erdian 50.872 migratzaile iritsi dira Europara; iazkoen erdia baino gutxiago. Beheranzko joera hori nabarmena da 2016tik. Ordutik, ia laurden bat gutxitu dira migrazioak. 2016ko lehen seihilekoan, 241.859 migratzaile iritsi ziren Europara; iaz, 109.746; eta 50.872 aurten.

Lehorreratzeko lurraldea da aldatu den joera nagusia. Espainian, ia hirukoiztu egin da urtarriletik iritsitako migratzaile kopurua. 18.061 errefuxiatu iritsi dira Espainiako portuetara; horietatik 10.000, ekainean. Joan den urtean, 6.500 migratzaile lehorreratu ziren Espainiako portuetan. Italian, berriz, alderantzizko joera izan da: aurten, 17.827 pertsona iritsi dira Italiara, eta iaz, aldiz, 93.237. Hori horrela, Espainiara migratzaile gehiago iritsi dira Italiara baino, lehendabiziko aldiz. Grezian ere beheranzko joera da nabarmen; 14.678 migratzaile iritsi dira Greziako kostetara aurten, joan den urtean iritsi zirenen erdia baino gutxiago, eta duela bi urte baino %81 gutxiago.

Gero eta migrante gutxiago iristen direnez Europara, hildakoak ere gutxiago dira, proportzioan. Hala ere, Mediterraneo itsasoan hiltzen dira migratzaile gehien, gainontzeko itsasoekin konparatuta. Udan iritsi ohi dira errefuxiatu gehien, eta ekainean, uztailean eta abuztuan izaten dira heriotza gehien ere. 2018an, 1.443 lagun hil dira Mediterraneoan, iaz hil zirenen erdia ia; 2.381 hil ziren 2017an. Munduko itsasoetan hildako migratzaileen erdia baino gehiago dira, baina; 2.186 errefuxiatu hil dira munduko itsasoetan.

Europara etortzen diren migratzaile gehienak Afrika iparraldekoak dira oraindik ere. Tunisiakoak dira aurten Italian lehorreratu diren gehienak (%18); Eritreakoak %15 dira, Sudangoak %9, eta Nigeriakoak, %7,5. Asiatik etorritako migrante gehienak, berriz, pakistandarrak (%4) eta irakiarrak (%3,5) dira.

Austriak laguntzarik ez

Herenegun iritsi ziren 450 migratzaile Sizilia uharteko portu batera. Erdia Espainiak, Alemaniak, Frantziak, Maltak eta Portugalek hartu dituzte, bakoitzak 50. Italian geratu dira gainontzeko 250ak. Austriak esan du ez duela inor hartuko; Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak uste du 2015etik Austriak EB Europako Batasuneko gainontzeko herrialdeek baino asilo eskaera gehiago onartu dituela, «biztanle kopurua» kontuan izanda.

Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak bi ontzi bidali berri ditu Mediterraneoko uretara migratzaileak erreskatatu asmoz. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ez du baimenik emango erreskatatuak Italian lehorreratzeko. Twitterren esan du gobernuz kanpoko erakundeak hobe duela «dirua eta denbora» aurreztu, migratzaileek «postaletan» ikusi beharko baitituzte Italiako portuak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)