«Hiru gau aterpetxean ez dira nahikoa»

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak salatu du euskal instituzioek jarrera eskasa dutela migratzaileekin eta ez dituztela aski baliabide eskaintzen. Gainera, adierazi du zurrunegiak direla Gurutze Gorriaren protokoloak.

Berria, Ane Lamarka Etxeberria, 18-07-2018

Aterpetxean hiru gau pasatu, eta berriro kalera. Hori da atzo goizean Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Bilbon egindako elkarretaratzean salatu zuen arazoetako bat. Bertan egon zen Luisa Menendez partaideak azaldu zuenez, ikusten dituzte halakoak, kezkaz: «Hiru gau aterpetxean ez dira nahikoa errefuxiatuek haien arazoak konpontzeko eta haien ideiak argitzeko». Hori dela eta, instituzioek migratzaileekin duten jarrera eskasa salatu zuten. Era berean, esan zuten Gurutze Gorriak ere oso protokolo zurrunak betearazten dituela, ez dietelako uzten hiru gau igaro dituzten pertsonei beste gau bat berriro babesean pasatzen: «Nahiz eta oheak sobera egon».

Aurreko hilabetearen bukaeran larriagotu zen egoera. Uda sartzearekin batera, gero eta migratzaileen itsasontzi gehiago hasi ziren iristen Espainiako hegoaldera. Iritsi ahala, beren herrialdera itzultzeko agindua jasotzen dute, baina, era berean, lurraldean zehar mugitzeko baimena dute; iritsi eta ondorengo 45 egunetan ibil daitezke. Haiei laguntza eman nahi dietenen asmoa da egin nahi dituzten tokialdaketak erraztea: helburu dituzten herrialdeetara iristeko.

Migratzaileen mugimenduei buruzko jakinarazpenak Bizkaian Gurutze Gorriak jasotzen ditu, eta Bilboko aterpetxe batean hartzen ditu; 88 leku dauzka guztira, eta erabiltzaileek bertan gelditzeko hiru eguneko epea dute. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen iritziz, fenomeno hori ez da atzo goizeko kontu bat, lehendik ere atzeman dituzte antzeko kasuak, eta «kale gorrian» ikusi izan dute jendea. Hara adibide bat: aste honetan, Atxuri auzoko saskibaloi zelai batean 50 lagun inguruk pasatu dute gaua.

Horren harira, salatzen ari dira legeak egiten direla benetan zer pasatzen den jakin gabe eta ez duela zentzurik hiru eguneko epea ematea nora joan ez dakien pertsona bati.

EH Bilduren adierazpena

EH Bilduk adierazi du migratzaileentzako harrera osoa ziurtatuko duen sare egonkor bat sortu behar dela baliabide eta zerbitzu egokiekin. Legez besteko proposamen bat aurkeztu du koalizioak, eta Eusko Jaurlaritzari sare hori garatzeko eskatu dio. Jasone Agirre legebiltzarkideak gaineratu du azken asteotan euskal instituzioek jarrera «eskasa» izan dutela pertsona horiekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)