EBko estatuek 712.404 laguni ukatu zieten iaz asilo eskaera

Estatu kideek asilo eskaeren erdiak onartu zituzten iaz, eta lau lagunetik bati aitortu zioten errefuxiatu estatusa. Suitzak eskaeren %90 onartu zituen; Txekiak, berriz, eskaeren %12

Berria, Kristina Berasain Tristan, 19-06-2018

Gerratik edo miseriatik ihesi, basamortua edo itsasoa gurutzatu ostean, kontinente zaharrera iristea lortzen duten iheslariek beste zeharkaldi bat egin behar izaten dute, burokraziarena, eta hori aurrekoa bezain latza eta luzea izan daiteke. EASO Asiloa Laguntzeko Europako Agentziak jakinarazi duenez, iaz 1.446.595 asilo eskaera ebatzi zituzten estatu kideek, lehen eta bigarren instantzian, eta bitik bat baztertu zuten, hau da, 712.404 laguni ukatu zieten nazioarteko babesa. Paperik gabe beste zeharkaldi bat abiatu behar izaten dute orduan errefuxiatuek, kale gorriarena, eta, maiz, nekez ihes egitea lortu duten jaioterrira itzultzearena, deportazioarena.

Lehen instantzian egindako eskaerak aintzat hartuta, %53 izan ziren baztertutakoak: 534.330. Eta %55 laguni aitortu zitzaien errefuxiatu estatusa, jazarpena jasaten dutela frogatu ahal duten iheslariei ematen zaien babesa. Beste %34ri babes subsidiarioa aitortu zitzaien. Figura juridiko hau balizko jazarpen kasuetan ezartzen da, ustez jaioterrira itzultzeak arriskua dakarrenean ematen dena, alegia. Bi kasuotan iheslariak deportazioa saihesten du. Nazioarteko babesak, baina, hirugarren figura bat jasotzen du, babes humanitarioarena. Iaz, eskatzaileen %15i aitortu zitzaien babes mota hori, bizitzeko baimena epe batera mugatzen duena.

EBko kide ez diren bi estatu dira eskaera gehien onartzen dituztenak: Suitza (%90) eta Norvegia (%71). Estatu kideen artean, berriz, txikienak: Malta (%68) eta Luxenburgo (%66). Eskaera gehien baztertzen dituztenak hauek dira: Txekia (%88), Polonia (%75), Frantzia (%71) eta Hungaria eta Erresuma Batua (%69).

Espainiak asilo eskaeren %65 baztertu zituen, hirutik bi, hain zuzen ere. CEAR erakundeak jakinarazi duenez, inoiz baino eskaera gehien jaso ziren iaz, 31.120, eta horietatik %65 baztertu ziren. Orotara, 4.685 eskaera onartu ziren, aurreko urtearen erdia, eta onartutakoen artean soilik 595 laguni aitortu zitzaien errefuxiatu estatusa. Sistemaren kolapsoa salatu du ere erakundeak, eta zehaztu gaur egun 42.025 eskaera daudela ebazpenaren zain.

Alemanian eskaera gehien

Alemania da urtez urte eskaera gehien jasotzen dituen estatu kidea. Europako Batasuneko 28 estatu kideetan 728.470 eskaera jaso ziren iaz orotara, horietako %31 Alemanian: 222.560 zehatz-mehatz. Italia (128.850) eta Frantzia (99.330) daude eskaera gehien jasotzen dituztenen artean. Eskaeren artean 32.715 gurasorik gabe, bakarrik dauden umeenak dira.

Asilo eskatzaileen bi heren gizonezkoak dira, eta heren bat emakumezkoa. Jatorriari erreparatuta, azken urteetako joera mantentzen da. Siria da, bosgarrenez, asilo eskatzaile gehienen jatorria; 108.040 siriarrek eskatu zuten nazioarteko babesa Europan 2017an. Irak (52.625), Afganistan (49.280), Pakistan eta Eritrea daude zerrendan hurrenak.

Asilo eskaerak, aurreko urtearekin alderatuta, %44 murriztu dira: 1.048.996 eskaera jaso ziren 2016an. Gehiago dira, ordea, iaz baztertu zirenak: 84.420 eskaera gehiago arbuiatu zituzten aurreko urtearekin alderatuta, nahiz eta eskaera gutxiago jaso. Gaur egun 954.100 asilo eskaera daude ebazpenaren zain. Estatu kideek banatu behar zituzten 160.000 iheslarietatik, berriz, soilik 34.558 jaso dituzte; %21,5. Bada estatu kideen politika zurrunari egin behar izaten diete aurre iheslariek, hala nola tramiteen geldotasunari.

Europako mugetatik haratago, baina, badago desplazaturik eta errefuxiaturik. Munduan 70 milioi iheslari daude, gehienak herrialde pobreetan, Inoizko exodo handiena da, populazioaren %1.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)