Errefuxiatuak. Patricia Barcena. CEAR-Euskadi

«Zalantza dut larrialdi egoera bati erantzuteko gai garen»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan asilo eskaerek gora egin duten arren, Europan apaldu egin dira. Barcenak azaldu du migrazio fluxuak kontrolatzeko akordioen ondorio izan dela.

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 19-06-2018

Iaz, 70 milioi pertsonak utzi behar izan zuten euren sorterria. Eta horrek eragina izan du Euskal Herrian. Adibidez, CEAR-Euskadik atzo emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bikoiztu egin zen asiloa eskatu dutenen kopurua: 970 eskaera izan ziren. Gehienak, Venezuelatik, Kolonbiatik eta Ukrainatik etorri dira. «Zenbat eta jende gehiagok zeharkatu euren herrialdeetako mugak, orduan eta gehiago iritsiko dira gure komunitateetara. Dena den, gutxi dira Europara datozenak. Gatazkan dauden lurraldeen inguruko herrialdeetan babesten dira %85», azaldu du batzordeko zuzendari Patricia Barcenak (Bilbo, 1971). Hala ere, guztiek ez dute asiloa lortzen: estatuek dute onartzeko eskumena, eta Espainiak hirutik biri ukatu egiten die.

Gero eta gehiago etorriko direla iragarri duzue. Euskal Herria prest dago jasotzeko?

Prest gaude gizartean kontzientzia sortu dugulako, eta horrek asko lagunduko du. Hala ere, baliabideak falta dira. Zerbitzuak sortu dira, baina etorkizunera begira jarri behar gara. Larrialdi egoeretarako prestatu behar gara; zalantza dut gai garen orain horrelako egoera bati erantzuteko.

Ohartarazi duzue beteta daudela gaur egun errefuxiatuentzat dauden lekuak.

463 leku daude errefuxiatuentzat, eta beteta ez daudenak datozen asteetan beteko dira. Aurretik bada beste etapa bat. Eskaera egiten dutenetik harrera sisteman leku bat ematen dioten arte, hainbat denbora igarotzen da. Eta tarte horretan nonbait bizi beharko du. Orain arte aterpetxeetan eta ostatuetan ditugun lekuekin moldatzen ginen, itxaronaldia hamabost egunekoa zelako. Baina azkenaldian bi hilabetera luzatu da itxaronaldia, eta ez dago lekurik. Horregatik, geuk kudeatuko genukeen aterpetxe bat eskatu diegu erakunde publikoei; hartara, ez genituzke udal aterpetxeak kolapsatuko, eta pertsona horiek kalean uztea saihestuko genuke.

Hemen igo egin dira eskaerak, baina Europan, oro har, erdira jaitsi dira. 700.000 pasatxo izan ziren iaz. Zergatik?

Behera egin dute, jende gutxiago iritsi delako. Baina iritsi direnen artetik, eskatu dutenen proportzioa hazi egin da. 2015ean, milioi bat eskaera baino gehiago izan ziren, jende asko iritsi zelako kostaldeetatik eta Balkanetatik. Europako Batasunak Turkiarekin eta Italiak Libiarekin akordioak adostu dituzte fluxuak kontrolatzeko. Horregatik gutxiagok lortu dute iristea.

Iritsi ez direnak non geratu dira?

Mediterraneoan 3.116 hil ziren. Ez dira zenbatzen Gibraltarko itsasartea Atlantikotik zehartzean edo Kanaria uharteetara bidean hil direnak. Ez dira zenbatzen basamortuan hil direnak. Hori ikertu egin beharko litzateke. Beste asko bidean geratu dira trabatuta: Libian, Turkian, Marokon… Marokok hautatu egiten du nori utzi Espainiako mugara iristen.

Azken egunetan Europa Aquarius ontzira begira egon da.

Arreta Mediterraneoan jartzeko balio izan du. Poztu gara Espainiak ontzia lehorreratzea onartu duelako. Bizitzak salbatu ditugu. Baina espero dugu aldaketa baterako hauspo izatea: Europako migrazio politikak aldatzeko baliagarri izan behar da. Estatuek harrera politika komun bat adostu beharko dute. Eta Europako Batasunak zigortu egin beharko ditu bere oinarrien aurkako diskurtso xenofoboak eta legez kanpoko jokabideak dituzten estatuak.

Europa ekialdeko estatuak hasi ziren errefuxiatuekiko jarrera uzkurra agertzen, baina gero eta gehiago dira: Italia, Austria, Herbehereak, eta, Alemanian, Angela Merkel kantzilerrak arazoak ditu gobernukide dituen Bavariako CSUkoekin.

Merkelek aspalditik izan ditu kritikak, eta hala ere eutsi dio. Alemania, Frantzia, Belgika… Europako Batasuna sortu zuten herrialde indartsu horiek bat egin behar dute berriro ere politika bidezkoagoen aldeko borrokan.

Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu diozue aldaketa horretan lidergoa har dezala. Zer gehiago?

Adibidez, enbaxadetan bisa eskatzea erraztu dezala. Zergatik Marokora iritsi den batek Espainiako mugara arte joan behar du asiloa eskatzera, eta ezin du Nadorrek kontsulatuan egin? Edo Siriako batek zergatik ezin du inguruko enbaxada batean eskatu, Espainiara etortzen arriskatu gabe? Eta Espainian bertan, asiloa eskatzeko prozedura erraztu dezala.

Errefuxiatu estatusa estatuek barik Europako Batasunak aitortuko balu, arazo horiek saihestuko lirateke?

Izan daiteke estatuen arteko banaketa bermatzeko modu egoki bat. Baina horrekin ez dugu ziurtatzen herrialde bakoitzean izango duten arrera igualtsua izango dela. Ezberdintasunak egon daitezke herrialdeetako politiketan.

Mafiak bukatzea nahi bada, zergatik ez dira etortzeko bide seguruak sortzen? Zergatik ez da sorterrietan lan egiten?

Uste dute askoz errefuxiatu gehiago etorriko liratekeela korridoreetatik. Hara, Siriako gerra hasi zenean, Espainiak herrialdea zeharkatzeko bisak emateari utzi zion: beste herrialde batera hemendik joateko baimena ukatzen zien errefuxiatuei. Eta ez da sorterrietan lan egiten, askotan gatazka horiek geuk sortu ditugulako. Adibidez, herrialde horietan ditugun jarduera ekonomikoengatik egin behar izaten dute ihes askok. Gure estatuei ez zaie komeni.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)