Europaren zulorik beltzenak

Hungariak gune «berezietan» atxikiko ditu errefuxiatuak, Europako legedia errespetatu gabe

Berria, Maider Galardi F. Agirre, 23-02-2017

Viktor Orban Hungariako presidenteak onartu egin du errefuxiatuak mugako gune «berezi» batzuetan atxikitzeko neurria, eta eragile ugarik salatu dute Europako Batasuneko legedia urratzen duela arauak. Ez da Hungariak horrelako arau bat onartzen duen lehen aldia; muga legez kanpo igarotzen dutenentzat bost urteko espetxe zigorra eskatzen du Zigor Kodeak. Arau hori ere batasuneko legediaren aurkakoa da, giza eskubideen aldeko zenbait eragileen arabera.

Hungaria errefuxiatuen igaroleku bihurtu da, 2015ean «Balkanetako bidea» Europara ailegatzeko ohiko ibilbide bilakatu zenetik. Ordutik, Hungariako Gobernuak, Orban presidentea buru, indartu egin ditu immigranteen aurkako neurriak, eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute han dauden errefuxiatuen egoera «jasanezina» dela. Amnesty Internationaleko kide Julia Ivanek atzo salatu zuen Hungariako legeek errefuxiatuen eskubideak urratzen dituztela eta ibilbidea oztopatzen dietela herrialdera iristen diren errefuxiatuei. Hain zuzen ere, Europako Batasunak neurriak hartu zituen 2016an Italiara, Greziara eta Hungariara iritsitako errefuxiatuak kontinenteko beste herrialdeetara bideratzeko. Hungariak, ordea, baztertu egin zuen lankidetza itun horretan parte hartzea, eta hesi bikoitza jarri zuen Serbiarekin duen mugan.

Europak ere, ez ditu hitzemandako neurriak bete, eta hasiera batean Italian eta Grezian harrapatuta zeuden 120.000 errefuxiatu beste herrialde batzuetan kokatu behar bazituen ere, urte amaieran 8.000k soilik lortu dute helmugara iristea. Horrez gain, askok itzulerako bidea egin behar izan dute harrera herrialdeek hartutako neurri zorrotzengatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)