«Festa pribatuak»

Donostiako lau diskotekatan sartzen saiatu dira etorkin batzuk. Batean ez diete utzi; beste batean gehiago kobratu diete. Bazterkeria salatu du SOS Arrazakeriak.

Berria, MIKEL P. ANSA DONOSTIA @PERUARENAANSA, 10-06-2014

Festa pribatu bat da». «Parte Zaharrera joan eta sarrerak eskuratu behar dituzue». «Gonbidapena behar da sartzeko». Diskoteka atarietako zaindariek kanpotarrei batzuetan era horretako argudioak esaten dizkiete, barrura sartzen ez uzteko. Eta, bitartean, aldamenetik, beste herritar batzuk diskoteka barrura sartzen, gonbidapenik gabe. Azalaren koloreak ebazten ditu sartzeko edo ateak ixteko argudioak maiz. Larunbat gauean proba bat egin zuten Donostian. Lau diskotekatan sartzen saiatu ziren etorkin batzuk; batean ez zieten utzi, atzera bota zituzten; beste batean bertakoei kobratzen dieten baino garestiago kobratu zieten sarrera.

Testing deitzen diete proba horiei. Bikoteka banatuta, Saharaz hegoaldeko bi lagun, bi magrebtar, bi latinoamerikar eta bi euskal herritar elkartu zituen SOS Arrazakeriak Donostian. Gauerdian batu ziren, BERRIA lekuko zela, elkartearen egoitzan. Azalpen guztiak emanda, itzulia hasi zuten tabernetan zehar. Lau diskoteka zituzten hautatuak. Bartzelonan, Madrilen, Zaragozan eta Coruñan ere egin zituzten probak asteburu berean.

Testing horietan parte hartzen dutenek txandaka egiten dute tabernara sartzeko saioa. Bertako bikotea abiatzen da lehenik, etorkinen bikoteak geroago, denbora tarte bat utzita. Larunbat gauean, bakarrik euskal herritarren bikoteak lortu zuen lokal guztietara sartzea. Migratzaile bikoteak hiru tabernatan sartu ziren —Bataplan diskotekan ez zieten sartzen utzi atezainek—, La Rotondan sartzen utzi zieten, baina sarrera garestiago pagatuta —euskal herritarrei hamabosna euro kobratu zizkieten; immigranteei, hogeina eu-ro—. Friends eta Sheraton diskoteketan arazorik gabe egin zuten barrura, eta guztiek berdin ordainduta.

Sheraton horretan, iazko Gabonetan ez zioten sartzen utzi larunbatean testing-ean parte hartu zuen immigranteetako bati, Faysali. «Moroak ez garela fidatzekoak esan, eta ez zidaten sartzen utzi». Arrazoiak eskatu zituen orduan, salaketa jartzen saiatu ere egin zen. Baina udaltzainak ez daude prestatuak halakoetarako, zer eta nola egin ez dakitela diote SOS Arrazakeriakoek.

Bilbon, zortzitan atea itxi

Orain hiru urte Bilbon era honetako beste proba bat egin zuten. Orduko emaitzak zabalagoak eta larriagoak izan ziren: bederatzi tabernatan sartzen saiatu, eta zortzik itxi zieten atea migratzaileei. Manifestazio bat ere antolatu zuten orduko hartan. Ohikoak ere ez dira izaten halako salaketak; SOS Arrazakeriakoek esplikatzen dutenez, etorkinek nahiago dute baztertuko ez dituzten lokaletara joan, eztabaidan hasi baino. Iaz, Gasteizen salaketa bat jarri zuten, senegaldar batzuei ez zietelako utzi taberna batean sartzen. Baina ez dira askotan azaleratzen halako kexak.

Horregatik, larunbat gaueko probaren emaitzak ikusita, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ohar egin du: «Sarrera ukatzeko eskubidearen erabilera gehiegizkoa da batzuetan; arrazoi etniko edo arrazakoengatik eginiko bazterketa dago ezkutatuta sartzen ez uzteko aitzakien atzean». Diskotekek erakunde publikoen baimenak behar dituztenez, erakunde publikoek ere arazoan erantzukizuna dutela oroitarazi du elkarteak. Hortaz, protokoloak martxan jartzeko eskatu du, eta sarrera ukatzen dietenei salaketak egin ahal izateko bitartekoak emateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)