Paperik gabekoen atxiloaldia zehaztean ez dira bat etorri EBn

Berria, erredakzioa, 08-05-2008

Paperik gabeko etorkinen atxiloaldia eta kanporatzea arautu asmo duen zuzentarau proposamenak ez du EB Europako Batasuneko herrialdeen gutxieneko adostasuna lortu. Hala, datorren astean helduko diote berriro eztabaidari. Estatu kide askorentzat zuzentarau proposamenak ez du paperik gabeko etorkinen etorriari aurre egiteko nahikoa indarrik, horregatik, testuko hainbat atal gogortzearen alde agertu dira. Proposamen horrek hemezortzi hilabeteko gehienezko atxiloaldia aurreikusten du etorkinentzat. Beren herrialdera indarrez itzuliak badira, bost urtetan EBera itzultzeko debekua ezarriko lieke, gainera.

Zuzentarauak EBko herrialdeen legedia bateratu asmo du, eta orain ia hiru urte Europako Batzordeak proposatutako proiektua bera baino zorrotzagoa da. Horregatik, etorkinen aldeko taldeek eta eurodiputatu ezkertiarrek zuzentarauaren aurka egin dute. Atzo, besteak beste, 300 manifestari inguruk protesta egin zuten Europako Parlamentuaren atarian, Bruselan. «Etorkinen oinarrizko eskubideen berme eta babesa hondatuko ditu. Europa gotorleku itxi batean bihurtu da. Paperik gabekoei ateak itxi eta beren herrialdeetatik kanporatzeko neurriz kanpoko arauak jartzen dituzten indarrean», salatu du, besteak beste, Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak.

EZADOSTASUNA NAGUSI. Paperik gabeko etorkinak atxilotzeko prozesuan epaileen kontrola murriztu asmo du Zuzentarauak; izan ere, agintari judizialez gain, administrazioak ere atxilotzeko agindua eman ahalko du. Erabaki hori auzitegiek berretsi beharko badute ere, ez da kontrol judiziala egikaritzeko eperik zehazten.

Alabaina, atxiloaldiak sortu du eztabaida handiena. Proiektuan sei hilabeteko atxiloaldia jasotzen da, baina epe hori «salbuespenez» hemezortzi hilabete arte luzatzeko aukera ere jasotzen du. Horren haritik, Manfred Webber Alemaniako eurodiputatuak adierazi du, atxiloketak etorkinei «presio psikologikoa» egiteko erabiltzen badira ere, libre utziko balituzkete «airean desegingo» liratekeela, eta beraz, ezingo lituzketela aberritu.

Asko dira, ordea, Zuzentarauak ekarriko dituenak Manfred Webberrek bezain argi ikusten ez dituztenak. Horregatik, eztabaida izango da nagusi datorren astean. Alabaina, proiektua indarrean jarriko bada Europako Parlamentuak onartuko beharko du datorren ekainean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)